hausterre ondorengo eguena
San Lukasen liburutik (Lk 9, 22-25)
Aldi haretan, Jesusek esan eutsen ikasleei: «Gizonaren Semeak asko sufridu behar dau; zaharrek, abadeburuek eta lege-maisuek gaitzetsi egingo dabe eta hil, baina hirugarren egunean biztu egingo da».
Eta honan esaten eutsen guztiei: «Nire ondoren etorri gura dauanak uko egin begio bere buruari, hartu begi eguneroko bere kurutzea eta jarraitu beist. Izan ere, bere bizia salbau gura dauanak galdu egingo dau; baina bere bizia Nigaitik galtzen dauanak salbau egingo dau. Zertarako dau gizakiak mundu guztia irabaztea, bere bizia galtzen eta hondatzen badau?»
Jesusen bizitzea isilekoa izan da 30 urtera arte, esango geuke. Joanek Jordan ibaian batetzean hasten dau Jesusek ageriko bizitzea, Joan bateatzailea atxilotua izan ondoren. Bateo unean hartutako erabagia gauzatzen doa; Aita/Ama Jainkoari emongo deutson erantzuna gero eta estuagoa bihurtzen doa. Eta une honetara heldu da: «Nire ondoren etorri gura dauanak uko egin begio bere buruari, hartu begi eguneroko bere kurutzea eta jarraitu beist».
Jesusek egiten dauan une honetako aukeraketeak ez dauka atzerabiderik. Nagusi erlijioso eta politikoen nagusikeria eta gehiegikeriak salatzen jarraitzen badau ez dau askorik iraungo. Eta hori argi ikusten dau: «Gizonaren Semeak asko sufridu behar dau; zaharrek, abadeburuek eta lege-maisuek gaitzetsi egingo dabe eta hil».
Baina argi ikusten dau, baita, dana ez dana heriotzan amaitzen; dana ez doana hautsetara; dana ez dana ezertako ere ez izango...: «baina hirugarren egunean biztu egingo da». Argi dauka merezi dauala Aita/Amari “baietza” emoteak. Eta hauxe nahi izango leuke bere ikasleentzat ere. Ikasleak "jarraitzaile" bihurtu nahi ditu. Ez ditu "behartu" nahi; deitu egin nahi ditu. Erabagia eurena, bakotxarena, izan daitela nahi dau: «Nire ondoren etorri gura dauanak...»
Zer ete da Jesusen jarraian joatea? Badakigu horrek zer dakarskun: heriotza ziurra. Eta badakigu baita ibilbidea ez dana erreza izango, bakotxak bere kurutzea hartuta egin behar izango dauala, eta norbere buruari uko eginda gainera...
Horrenbeste behar ete da bizi izateko? Zer esan gura dau Jesusek «bere bizia salbau gura dauanak galdu egingo dau» dinonean?; edo beste hauxe dinonean: «bere bizia Nigaitik galtzen dauanak salbau egingo dau»?
Jesusek argi dauka Jainkoak beragan egiten dauana egingo dauala bere jarraitzaileagan ere. Argi dauka alkarbanantzen danean bizitzea ugaritu egiten dala, beste edozer (ondasunak, batez ere) murriztu egiten badira ere.
Eta horixe nahi dau Jesusek bere jarraitzailea izan daitela: bizitz-emoilea, Jainkoaren seme-alaba aske lez. Jesusen jarraian joanez ikasiko dau hori ikasleak, bere buruari uko eginez, bere kurutzea hartuz, bizitzea emonez, eta adoretuko da horretarako.
Baina inork ez nau behartuko hori egitera. Neure aukera izan behar dau...
R/. Bai dohatsu Jaunagan itxaropide dauan gizona!
Bai dohatsu gaiztoen asmoari jarraitzen ez dautsona,
hobendunen bidean ez dabilana,
lotsabakoen batzarrean jarten ez dana.
Ostera, Jaunaren legean atsegin dauana,
gau eta egun Haren legea hausnartzen dauana. R/.
Ur ertzean aldaturiko zuhatza lakoa izango da,
bere sasoian emoten dau frutua;
eta orririk ihartzen ez jako:
zeregin guztietan ondo joako. R/.
Ez horrela gaiztoak, ez horrela,
haizeak daroan lastoa lakoa izango dira.
Zintzoen bidezain Jauna dago,
gaiztoen bidea, barriz, hondamendirako. R/.
No hay comentarios:
Publicar un comentario