San Mateoren liburutik (Mt 7, 7-12)
Aldi haretan, Jesusek esan eutsen ikasleei: «Eskatu, eta emongo deutsue Jainkoak; bilatu, eta aurkituko dozue; jo atea, eta zabalduko deutsue, eskatzen dauanak hartu egiten dau-eta, bilatzen dauanak aurkitu, eta atea joten dauanari zabaldu egiten jako-eta.
Zuetako norbaitek, semeak ogia eskatuta, harria emongo ete deutso? Edota arraina eskatuta, sugea emongo ete deutso? Beraz, zuek, gaiztoak izanik ere, zeuen seme-alabei gauza onak emoten baldin badakizue, zenbatez gehiago ez deutsez zeruko zuen Aitak gauza onak emongo eskatzen deutsoenei?
Honan bada, besteek zuei egitea gura zeunkeen guztia egin zuek ere besteei: horixe da Moisesen Legeak eta Profetek dinoena».
Iruskina
Zein da otoitz eskalearen indarra? Zer da eskatu behar doguna? Edozer eskatu ete geike? Zer nahi dau Jainkoak eskatu deiogun? Eskatu ahala guztia emongo deusku? Zenbat galdera egin geikezan, badakigulako eskatzen deutsogun edozer emongo ez deuskuna, ez eta edozer eskatu geikeana... Eta batek baino gehiagok esango leuke hau entzunda: baina ez dino ba berak «eskatu eta emongo deutsue Jainkoak?» Bai, baina...
Arteragokoan irakasten euskun Jesusek, «Aita gurea»n zer eskatu. Eta orain zeruko gure Aitak ez deuskula gauza onik ukatuko dinosku. Zer ete da "gauza ona"? Lehenengo ta behin, Jainkoaren hurtasuna. Gu ez gara "hemen" bizi, geureak eta bi egiten, eta Jainkoa "han", gugandik urrun eta gutaz gomutatu ere egin barik. Jainkoa, guraso arretatsu antzera, geure gain-gain daukagu, gure onaz arduratuta, gu zorion-bidean ikusi nahian. Eta Jainkoagana ez dogu geuk ezin dogunean jo behar, guk ezin doguna berak egin deigun. Bestetara baino: Jainkoaren altzoan gagozela eta berak zaintzen eta ahaltzen gaitula bizi izan behar dogu.
Eta zer behar dogun badakianak, Jainkoak, ez deusku ukatuko behar dogun hori, gauza ona: bere izena aintzaltzea eta goraltzea, bere erreinuko autorle, lekuko eta langile izatea; haren nahia gure eguneroko bizitzan gauzatzea... Horretarako behar dogun beharrezkoena (jakia, jantzia, e.a.) ez deusku ukatuko. Ez dogu itxaron behar izango bere parkamena: guk eskatu aurretik eskura daukagu-ta; ez jaku bere errukia alboratzen; hantxe daukagu zain, noiz beregana itzuliko.
Baina, esan daiteke, beste horrenbeste eskatzen deuskula Jainkoak. Hau da, berak guganako daukan jokabidea izan daigula geuk ere besteenganako. Eta, ete daukagu kontutan beste hau? Jainkoa neure begira jarri nahi dot. Baina, jarten ete naz neu ere besteen alde, euren preminei begira, erantzuteko prest? Badakigu seme-alabei gauza onik emoten: baina edozein behartsuri ere bai? Ez ete da hauxe Jainkoari eskatzeak, eta harengandik itxaroteak, eskatzen deuskuna?
Sal 137, 1-2a. 2bcd-3. 7c-8
R/. Hots egin neutsunean, entzun zeunstan, Jauna.
Jauna, bihotz-bihotzez deutsudaz eskerrak emongo,
nire berbak entzun dozuzalako.
Eresi egingo deutsut aingeruen aurrean,
ahuspeztuko naz zure jauretxe santuan. R/.
Eskerrak emongo deutsadaz zuere izenari,
ona eta leiala zara-eta:
Goratu dozuzalako handikiro
zure hitza eta zure izena.
Hots egin neutsunean, entzun zeunstan,
eta nire bihotzean kemena indartu zenduan. R/.
Zure eskumeak nau salbatzen,
burutuko dau Jaunak nire alde hasia;
betiko dago, Jauna, zure maitasuna,
ez eskutik itzi zeure eskuz egin dozuna. R/.
No hay comentarios:
Publicar un comentario