Garizumako 4. asteko martitzena
San Joanen liburutik (Jn 5, 1-3a. 5-16)
Aldi haretan, juduen jai bat ospatzen zan, eta Jesusek Jerusalemera
igon eban. Bada Jerusalemen, Ardien Atea dalakoaren ondoan, hebreeraz Betzata
deritzon uraska bat, bost aterpe dituana. Aterpeetan gaixo asko egoten zan,
lurrean etzunda: itsu, herren eta elbarri.
Bazan han hogeita hamazortzi urtez gaixorik egoan gizon bat. Jesusek,
han etzunda ikusi eta aspalditik egoera haretan egoala jakinik, esan eutsan:
«Gura al dozu osatu?» Gaixoak erantzun eutsan: «Jauna, ez dot inor ura
mugitzean uraskara sartuko nauanik; ni heltzerakoan, besteren batek aurrea
hartzen deust». Jesusek esan eutsan: «Jagi, hartu ohatilea eta ibili». Une berean
osaturik gelditu zan gizona ohatilea hartu eta ibilten hasi zan.
Zapatua zan egun ha, atseden-eguna. Horregaitik, juduek esan eutsoen
osatuari: «Zapatua da, eta ez dozu zilegi ohatilea eroatea». Harek erantzun
eutsen: «Osatu nauanak berak esan deust: "Hartu ohatilea eta ibili"».
Orduan, itaundu eutsoen: «Nor da ohatilea hartu eta ibilteko esan deutsuna?»
Osatuak, ostera, ez ekian nor zan, Jesus ezkutau egin zan-eta inguruko
jentearen artean.
Gero, Jesusek tenpluan aurkitu eban eta esan eutsan: «Begiratu,
osaturik zagoz. Ez egin pekaturik barriro, okerragorik jazo ez dakizun». Joan
zan gizon ha, eta juduei jakinarazo eutsen Jesus zala osatu ebana. Horregaitik,
hain zuzen, erasoten eutsoen juduek Jesusi: zapatuz halako gauzak egiten
zitualako.
Iruzkina
Hemendik aurrera
Jesus Jerusalengo Jauretxe inguruetan ikusiko dogu, eta Jauretxeko nagusiekaz
eztabaidan, burrukan eta "lagunak egiten"; eta baita
"ezaugarriak" egiten ere (osakuntzak, gehienbat).
Bururatu leikigun
galdera bat hauxe litzateke: zergaitik egiten ete dauz Jesusek osakuntzok
(Joanentzat "ezaugarriak") zapatuz?
Jauretxeko agintarientzat osakuntzak egitea lan egitea da, eta zapatuz
debekatuta dago lanik egitea. Jesusek Legea bere betera daroala esaten dau,
baina, hareen ustez, ez dau aintzat hartzen
zapatua, osakuntzak-eta egiten dauzelako... Zertan geratzen gara?
Beste alde
batetik, Joanek bere ebanjelioan zera dinosku, Jesusen ahotan jarriz berba hau,
«nire Aitak ez dau atsedenik hartzen». Hau erakustearren egiten ete dauz, ba,
Jesusek "ezaugarriok"?
Gaurkoan, « hogeita hamazortzi
urtez gaixorik egoan gizon bat» osatzen dau. Lehenengo galdetu egiten deutso,
eta, bere erantzunetik, nahi dauala osatu hartzen dau. Eta, osatuaz bat,
arazoetan sartzen da elbarria zana, zapatuz zilegi ez dana egiten dauala
gogoratzen deutsoe-ta agintariek: «Zapatua da, eta ez dozu zilegi ohatilea
eroatea». Baina Jesusen (osatu dauanaren) agindua dau ohatilea eroatea... Nori
egin jaramon?
Beste gauza bat ere hartu geike gure hausnarketarako.
Guztiz doakoa izan da osakuntza; elbarriak ez daki nork osatu dauan, eta ezin
deutse juduei datu hori emon; baina Jesusek jauretxean aurkituko dau osatua eta
gogotan hartzeko berbak dinotsoz: «Begiratu, osaturik
zagoz. Ez egin pekaturik barriro, okerragorik jazo ez dakizun».
Badago,
horraitino, Jesusentzat, gorputzeko gaisotasuna baino gauza txarragorik. Baina
ez dakit Jainkoari hainbeste bider gorputzeko osasuna eskatzen deutsogunok hau
gogotan izaten dogun, meza askotako otoitzetan "gorputz eta arimako osasuna" eskatzen dan arren.
Egunotan, ba,
lilturgiak Jesusen eztabaidak emongo deuskuz; euretan murgilduz hobeto ezagutu
ahal izango dogu Jesus, eta hobeto ezagutuz, gehiago maitatu ere...
Sal 45, 2-3. 5-6. 8-9
R/. Gudari taldeen Jauna gugaz, Jakoben Jainkoa gaztelu
sendo gugaz.
Jainkoa dogu
gordeleku eta indar,
Bera izan jaku
estualdian laguntzaile azkar.
Horregaitik ez
gara bildurtuko lurra bada dardaratzen,
nahiz mendiak
itsas erdira jausten.R/.
Ibai-besoak
alaitzen dabe Jainko-uria,
Goi-goikoaren
bizileku guztiz santua.
Jainkoa dauko
erdian, ez da lokatuko,
egunsentiagaz
Jainkoak deutso lagunduko.R/.
Gudari-taldeen
Jauna gugaz,
Jakoben Jainkoa
gaztelu sendo gugaz.
Etorri eta ikusi
Jaunak eginak,
lurrean egin
dituan harrigarriak.R/.
No hay comentarios:
Publicar un comentario