Garizumako 3. asteko zapatua
San Lukasen liburutik (Lk 18, 9-14)
Aldi haretan, parabola hau esan eutsen Jesusek euren buruak zintzotzat
hartzen eta besteak gutxiesten ebezan batzuei:
«Gizon bik igon eben tenplura otoitz egitera, bata fariseua eta bestea
zergalaria. Fariseuak, zutunik, honan egiten eban otoitz bere barruan:
"Eskerrak emoten deutsudaz, ene Jainko, besteak lakoa ez nazalako: lapur,
gaizkile, adulteriogile; ezta horko zergalari hori lakoa ere. Astean bitan
egiten dot barau, eta ditudan guztien hamarrenak emoten ditut".
Zergalaria, barriz, urrun gelditurik, ez zan begiak zerura jasotera ere
ausartzen. Bular joka ziharduan, ostera, esanez: "Ene Jainko, erruki
zakioz pekatari honi!"
Hara Nik esan: azkeneko hau Jainkoagaz adiskideturik bihurtu zan
etxera; bestea, barriz, ez. Izan ere, bere burua goratzen dauana beheratu
egingo dau Jainkoak, eta bere burua beheratzen dauana goratu».
Iruzkina
Ona da Jesus,
baina ez dau dana ontzat emoten. Jokabide batzuk min emoten deutsoe eta horrren
erakutsia emoten dau. Zergaitik jarri behar dau batek bere ustetan beste baten
gainetik? Zerk egiten dau bat bestea baino hobea? Legea ezagutzeak beteteko aukerea
ere emoten dau; ezagutzen ez dauanak nekez bete daike-ta. Baina Legea ezagutu
ere egiten ez dauana baino "hobea" ete da, gero, beteten dauana? Hor
ete dago, gero, ontasunaren neurria?
Jesusek gure
arteko hartu-emonei begiratzen deutse, eta hortxe aurkitzen dau ontasuna:
bestea aintzat hartzekoa bazara, besteari zerbitzu egitekoa bazara, bestea
maite badozu, orduantxe zara ona haregazko eta Jainkoaren aurrean ere. Bestela,
bestea aintzat hartzen ez badakizu, edo gaitzesten badozu... jai daukazu;
Jesusek begitartean hartuko zaitu.
Eta hauxe da
Farisearren jokabidea: Legea ezagutzen dabenez, beteten dabela uste izatea, eta
horrek Jainkoaren aurrean zintzoak egiten dauzela. Eta, Jesusen ustez, ondorioa
besterik da, harro-putz agertzen dalako parabolako Farisearra. Bai, eskerrak
emoten deutsoz Jainkoari «besteak lakoa
ez nazalako: lapur, gaizkile, adulteriogile... Astean bitan egiten dot barau,
eta ditudan guztien hamarrenak emoten ditut»; baina «ezta horko zergalari hori lakoa ere» badino, ha gaitzetsiz eta bere
burua bestearen gainetik jarriz. Eta hori ezin izango dau Jesusek onartu.
Legea ezagutu eta
beteteak ez dau eroan behar, ba, ha ezagutzen ez dauana, edo bete ezin dauana
gaitzestera; ez eta, "beste" hori, beste barik, zergalaria dalako,
zikin eta gaitzesgarri lez baztertzera. Jainkoaren aurrean norbere burua
zintzotzat ikusteak "pekatariaren" erruki izatera eroan behar izango
leuke, hari bere "zulotik" urteten laguntzera. Horrela ez bada ez
gara-ta Jainkoaren antz eta irudiko.
Sal 50, 3-4. 18-19. 20-21ab
R/. Opariak barik, leialtasuna gura dot Nik.
Erruki zakidaz,
Jainko, zure maitasun handiaz,
kendu egizu nire
errua zeure amaibako errukiaz.
Garbitu nagizu
zeharo nire hobenetik,
garbitu nire
gaiztakeriatik. R/.
Ez jatzu-eta
atsegin oparirik,
erre-opariak ez
zendukez hartuko nik emonik.
Nire oparia,
Jainko, bihotz damutua:
ez dozu
baztertuko, Jainko,
bihotz damutu eta
umildua. R/.
Agertu zaitez,
Jauna, onbera Sionegaz,
barriztau egizuz
Jerusalemgo harresiak.
Orduan onartuko
dozuz
legezko opari,
eskeintza eta erre-opariak. R/.
No hay comentarios:
Publicar un comentario