San Mateoren liburutik (Mt 6, 7-15)
Aldi haretan, Jesusek esan eutsen ikasleei:
«Otoitz egitean, ez jardun esan eta esan, jentilak lez, uste dabe-eta euren berba-jarioari esker entzungo jakela. Ez izan hareen antzeko, badaki-eta zuen Aitak zer behar dozuen, zuek eske hasi baino lehen. Beraz, zuek honan egingo dozue otoitz:
"Gure Aita, zeruetan zarana:
santu izan bedi zure izena,
etor bedi zure erreinua,
egin bedi zure nahia,
zeruan bezala lurrean ere.
Emoiguzu gaur egun honetako ogia;
parkatu gure zorrak,
geuk ere geure zordunei
parkatzen deutsegun ezkero,
eta ez gu tentaldira eroan,
baina atara gagizuz gaitzetik".
Izan ere, zuek besteei euren hutsegiteak parkatzen badeutsezuez zuei ere parkatuko deutsue zeruko zeuen Aitak; baina besteei parkatzen ez badeutsezue, zuei ere ez deutsuez parkatuko Aitak zeuen hutsegiteak».
Iruskina
«Badaki-eta zuen Aitak zer behar dozuen» —dinosku Jesusek. Baina ha ta guztiz ere «zuek honan egingo dozue otoitz» —esaten deusku. Otoitza ez da, ba, Jainkoari guk zer behar dogun gogoratuazoteko, beragaz hartu-emonetan jarteko baino.
Eta hona Jesusek zelango begiramena deuskun: Jainkoari «Aita» deitu deiogula dinosku; berak deitzen deutson lez; bere kide egiten gaitu; bere mailan jarten gaitu. Maila horretatixik ulertu geike «Aita gurea»k bere barruan daroan aberastasun guztia.
Hasierako hiru eskarietan "gora" begira jarten gaitu; Jainkoa zelango «Aita» dogun gogoratuazoten deusku (zeruetan dana, santua eta bere erreinuan nahi gaituana).
Hurrengo lau eskarietan garatzen da gure izan beharra, Aitaren seme-alaba lez: eguneroko ogia eskatzeak ondasunak ez metatzera garoaz, geroa Jainkoaren esku iztera, harengan uste on osoa izatera, inoiz ez gaitula-ta behartsu utziko... Horra besteenganako
alkartasunera deia, behartsuenganako begiramen-eskea: eurekin gara, batez ere, senide.
Baina gure hutsak autortzen jakin daigula ere, eta alkarri parkatzen, eta bestearenak ere parkatzen gogoratzen deusku..., hau azpimarratuz, gainera. Hain gatx egiten ete jaku norbere errua autortzea, edo bestearena parkatzea? Izango da horrelangorik, Jesusek azpimarratu egiten badau.
Ba, giro hau autortu dauanak (Jainkoaren hurtasuna, haren erruki eta maitasuna, alkarren arteko senidetasuna, erreinuaren oparotasuna...) ez dau ezelan ere handik aldentzerik nahi izango. Baina hortxe dagoz zirikatzaileak; hortxe dago norbere handigurea eta norbere mugak autortu nahi ez izatea eta hareen gainetik jarten jardutea... Ba, ez gaizala tentaldi horretan jausten utzi. Atara gaizala gatx guztietatik.
Jainkoari usterik handienaz hitz egin deiogun «Aita!» gozo-gozo deituz.
Sal 33, 4-5. 6-7. 16-17. 18-1
R/. Esturaldi guztitik salbau zituan Jainkoak bere eskuz zintzoak.
Handietsi nigaz Jauna,
ospatu dagigun batera Haren izena.
Jaunaren bila nenbilen eta entzun ninduan,
beldur guztietatik atara ninduan. R/.
Begitu egiozue alaitu zaitezen,
aurpegiak lotsatu ez daitezen.
Dohakabe honek ohiu egin eban, eta Jaunak entzun,
estualdi danetatik atara dau bere eskuz. R/.
Zintzoakana dagoz Jaunaren begiak,
eta euren ohiura Haren belarriak.
Gaizkileen aurka Jaunaren aurpegia,
aldu daiten lurrean hareen oroipena. R/.
Zintzoek dei egin eutsoen eta Jaunak entzun,
estualdi guztitik atara zituan bere eskuz.
Hurrean dabe Jauna bihotz urratuak,
salbatzen ditu gogo atsekabetuak. R/.
No hay comentarios:
Publicar un comentario