San Mateoren liburutik (Mt 21, 33-43. 45-46)
Aldi haretan, Jesusek esan eutsen abadeburu eta herriko zaharrei: «Entzun parabola hau: Behin batean, nagusi batek mahastia landatu eban eta hesiz inguratu; bertan dolarea egin eta torrea eregi eban; gero, nekazari batzuei errentan itzirik, urrunera joan zan.
Mahatsa batzeko sasoia heldu zanean, bere morroiak bialdu zituan nekazariakana, frututik egokion partea jasotera. Nekazariek, ostera, morroiei heldu eta bata jo, bestea hil eta bestea harrikatu egin ebezan. Barriro beste morroi batzuk bialdu zituan, aurrekoan baino gehiago, eta hareei ere beste hainbeste egin eutseen. Azkenean, bere semea bialdu eutsen, berekautan esanez: "Izango deutsoe begirunea nire semeari".
Nekazariek, ostera, semea ikustean, esan eutsoen alkarri: "Oinordekoa da. Hil dagigun eta geuretzat izango da ondarea". Heldu, mahastitik kanpora bota eta hil egin eben".
Jesusek itaundu eutsen: "Zer egingo deutse nekazari horreei mahasti-jabeak etortean?»
Erantzun eutsoen: «Erruki barik hilgo ditu, eta bere sasoian frutua emongo deutsoen beste nekazari batzuei itziko deutse mahastia».
Jesusek esan eutsen: «Ez al dozue Liburu Santuan behin ere irakurri:
"Etxegileek baztertutako harria
giltzarri egin da.
Jaunak egin dau hori,
gure begien harrigarri?"
Horregaitik dinotsuet: Jainkoaren erreinua zuei kendu eta frutua atarako deutsan herri bati emongo jako».
Parabola honeek entzutean, abadeburu eta fariseuak Jesusek eurakaitik ziharduala jabetu ziran, eta Ha atxilotu guran ebilzan; baina jentearen bildur ziran, danek profetatzat euken eta.
Iruskina
Holango paraboletan ez daigun bizkorregi jo geure buruak astintzera, gure txarkeria ikustera edo Jainkoaganako dogun zintzotasunik ezaren bila; edo nortzuk legokezan Jesusen zemaipean, harek baino arinago geuk epaitu eta zigortzeko.
Ikus daigun ezeren aurretik Jainkoaren ze irudi emoten deuskun Jesusek, eta sartuko gara parabolearen erraietan. Zelango Jainkoa aurkezten deuskun hemen Jesusek! Zelango maitasun egintzak agertzen deutsozan bere "mahastia"ri! Zelango askatasuna emoten deuston bere herriari! Eta zelango esker txarra hartu behar dauan!
Eta oraingoan ere, auzian esku hartzera deitzen ditu Jesusek bere "etsaiak". Beste baten, sinagogan, beso iharra eukan gizonari osatu behar jakon ala ez galdetzean mutu gelditu ziran; oraingoan, buru-belarri sartzen dira epai gaiztoa emotera. Zein errez egiten jakun epai gaiztoa, inor gaitzestea...
Baina ez da hori Jesusek bilatzen dauana; Jesusek Jainkoaren bihotz maitalea, errukitsua agertzen dau; harenaren antzeko bihotzak nahi dauz bere inguruan. Baina bihotz gogorregiak ez ete ditun aurkitzen...
Zerk eroaten ete gaitu geure iritziko ez dana hain errez gaitzestera. Zergaitik emoten ete deusku min besteen eritziak geurea langoa ez bada? Ez ete doguz aztertu behar gure iritziak, batez ere besteak epaitzera eta gaitzestera eroaten gaituenean?
Sal 104,16-17.18-19.20-21
R/. Ekarri gogora Jaunak egin dituan mirariak.
Gosea bialdu eutsen lurraldera,
kendu eutsen ogi-laguntza guztia.
Bazan gizon bat aurretik bialdua,
Jose, morroitzat saldua. R/.
Katez lotu eutsoezan oinak,
burdinez estutu samea,
harek iragarritakoa bete zan arte,
Jaunaren hitzak egiaztatu eban arte. R/.
Erregek agindu eban ha askatu egiela,
herrien buruak handik atara egiela.
Bere etxe-nagusi eban autatu,
bere ondasun guztien buru. R/.
No hay comentarios:
Publicar un comentario