Garizumako 4. domekea
San Joanen liburutik (Jn 3, 14-21)
Aldi haretan, Jesusek esan eutsan Nikodemori:
«Moisesek basamortuan brontzezko sugea jaso eban lez, halan izan behar
dau jasoa Gizonaren Semeak, Haregan sinesten daben guztiek betiko bizia izan
dagien.
Izan ere, hain maite izan eban Jainkoak mundua, bere Seme bakarra emon
eutsan, Haregan sinesten dauanik inor galdu ez daiten, betiko bizia izan dagian
baino.
Jainkoak ez eban-eta bere Semea mundura bialdu, mundua kondenatzera,
haren bitartez mundua salbatzera baino. Haregan sinesten dauana ez dago
kondenatua; sinesten ez dauana, barriz, kondenatua dago jadanik, Jainkoaren
Seme bakarraren izenean sinestu ez daualako. Hauxe da kondenazinoaren arrazoia:
argia mundura etorria dala, eta gizakiek ilunpea gurago izan dabela argia
baino, hareen egiteak gaiztoak ziralako. Izan ere, txarto egiten dauanak
gorrotoa deutso argiari, eta ez dator argitara, bere egiteak agirian gelditu ez
daitezan. Egiaren arabera diharduana, barriz, argitara dator, haren egiteak Jainkoak
gura lez eginak dirala agertu daiten».
Iruzkina
Egiptoko
joputzatik urteten dauan aldra harek ez daukaz gauzak errez; ez eta gitxiagorik
ere. Egiptoarren erasotik onik urten baeben, eremuko laztasunen aurka egin behar
izango dabe, eta hori nahikoa ez-eta, alderdi hareetako herrialdeak ere kontuan
hartu behar izango ditu euren menpe ez jausteko. Eta hemen sarritan huts egingo
dabe israeldarrek: herritarron ohituretan eta siniskerietan-eta jausiko dira-ta.
Euretariko bat zan sugea ernaltze ugaritsuaren ezaugarri hartzea, eta halaxe
gurtzea, gurtza hori euren Jaunari baino emon behar ez eutsoenean. Horregaitik
Moisesen ausardia, sugearen gurtza horretatik bere herria atarateko: tantai
baten zintzilikatu sugea haren bildurretik urteteko.
Irudi hauxe erabiliko
dau Joan ebanjelariak deigarri: Jesusek ere, suge haren antzera jasoa izan
behar dau, hari begiratzen deutsonak bizia izan daian. Gora jasoa izatea, ba, Joanen
ebanjelioan aintzaltzea izango da: danen begietan haragi txikituz hilten dana
ez da porrotean hilten, aintzatan goraldua baino.
Antxina
Moisesengana jo eban sugearen izurritea jasaten eban herriak; Nikodemok
Jesusengana joten dau, bere ilunpeetatik urteteko. Norengana joten dogu guk
gure ezinetan, ilunpeetan, atsekabean... Jainkoak baztertu eta gaitzetsi egingo
gaitula uste dogu, pekatari garalako? Ba, entzun daigun bere mezua: «Jainkoak ez eban-eta bere Semea mundura
bialdu, mundua kondenatzera, haren bitartez mundua salbatzera baino».
Hau
ulertzeko/onartzeko zenbat aldatu behar dauan oraindino gure buruak! Jainko
zigortzaile bat ikasi dogu, daukagu buruan sartuta, komeni jaku gure
egintzetarako..., baina ez da hori Jesusek iragarten deuskuna: Jainkoak bere
betera daroa sorkuntza osoa, bere zorionera; eta hantxe gagoz geu ere. Begiratu
deiogun kurutzeratuari; bere arnasa emotean somau daigun Jainkoak zenbat maite
gaitun, geuri emoten deusku-ta bere bizia; eta urten daigun ilunpeetatik, eta
ilunpetako egintzetatik, argitan bizi izateko eta besteentzako ere argitasun
izateko.
Sal 136, 1-2. 3. 4-5. 6
R/. Itsatsi bekit mihina aho-sabaian, zutaz oroitzen ez
banaz.
Babiloniako
ibai-ertzetan jesarrita gengozan negarrez,
Sionen oroipenez.
Ur ondoko
sahatsetan
Itzita geunkazan
zitarak zintzilik. R/.
Han, erbesteratu
ginduezanak kantu eske geunkazan,
gure zapaltzaileak
kanta alaien eskean:
«Kanta guretzat
Siongo kantak». R/.
Zelan kantau
Jaunaren kantarik
atzerriko
lurraldean?
Jerusalem, zutaz
ahaztu banendi,
gelditu bekit
eskua elbarri. R/.
Itsatsi bekit
mihina aho-sabaian,
zutaz oroitzen ez
banaz,
niretzat
pozbiderik bikainena
Jerusalem ez bada.
R/.
No hay comentarios:
Publicar un comentario