martes, 6 de marzo de 2012

Garizumako bigarren asteko eguastena

Garizumako 2. asteko eguastena


San Mateoren liburutik (Mt 20, 17-28)

Aldi haretan, Jesusek, Jerusalemera igoten ziharduala, hamabi ikasleak aparte hartu eta esan eutsen bidean: «Begiratu, Jerusalemera igoten dihardugu eta Gizonaren Semea abadeburuen eta lege-maisuen eskuetara emongo dabe, heriotzara kondenatuko dabe eta atzerritarren eskuetara emongo, iseka egin deioen, zigortu eta kurutzeratu dagien; baina hirugarren egunean biztu egingo da».

Orduan, zebedeotarren ama hurreratu jakon Jesusi bere semeekin eta aurrean ahuspeztu, eskari bat egiteko. Jesusek itaundu eutsan: «Zer gura dozu?» Eta berak: «Agindu egizu nire seme bi honeek, bata zure eskuman eta bestea zure ezkerrean jesarri daitezala zure erreinuan».

Eta Jesusek: «Ez dakizue zer eskatzen dozuen. Gauza al zaree Nik edan behar dodan kopatik edateko?» Erantzun etsoen: «Bai, gauza gara!» Jesusek orduan: «Nire kopatik edan, bai, edango dozue; baina nire ezker-eskuma jesarte hori, ez dago nire esku inori emotea; nire Aitak norentzat prestauta dauan, hari emongo jako».

Beste hamarrak, hori entzutean, biziro hasarre jarri ziran anaia biekaz. Baina Jesusek dei egin eta esan eutsen: «Badakizue herrietako agintariek menpean hartzen dabezala herriak, eta handikiek euren agintea ezarten deutsela. Ez bedi izan holan zuen artean; zuen artean handi izan gura dauana izan bedi zuen zerbitzari, eta zuen artean lehenengo izan gura dauana izan bedi zuen morroi. Gizonaren Semea ere ez da zerbitua izatera etorri-eta, zerbitzera baino, eta bere bizia guztien ordainsari emotera».


Iruskina

Ebanjelariek erruz azpimarratzen dabe hau Jesusen ardura handi lez: bere ikasleei argi iztea Jerusalenen zer aurkituko dauan: herri agintarien eta eliz agintarien gaitzespena. Eta badirudi azpimarratu nahi dabela ere ikasleen ulertezina, entzun-gorra edo hartara eza: ezin dabe buruan sartu euren maisua paretik kendua izango danik...

Gogoan dogu holango egoera baten Pedrok berak hartzen dauala Jesus bazterrera, eta burutik kendu nahi deutsola holangorik gertatu dakiokenik. Jesusek zuzenean dinotso orduan: «kendu zaitez nire aurretik, Satanas, zure burubideak ez dira gizakienak baino-ta».

Oraingoan, Jesusek irakatsiaren onartezina beste era batera jarten deusku ebanjelariak: Zebedeotarren ama, honen eskariak, eta ikasleen artean eskari honek sortuazoten dauan mar-marra azaleratuz. Zeintzuk diran, gero, Jesusen ardurak, eta zeintzu arduratan galtzen diran ikasleak! Hortxe ere ikasi geike geure burua ezagutzen.

Eta barriro ere Jesusen azpimarra: zelangoak izan behar daben bere jarraitzaileen arteko hartu-emonek, eta bakotxak zer bilatu behar dauan: besteen zerbitzari izatea. Zenbat landuko dauan Maisuak irakaspen hau; eta zein gatx egiten jaken euren bizitzan gauzatzea bere ikasleei.

Oraindino azken keinu bat ere behar izango dau: Azken Afarian emongo dauana, bere ikasleei oinak garbitzean...


Sal 30, 5-6. 14. 15-16
R/. Salbau nagizu, Jauna, zeure errukiz.

Ezkutuan jarri deusten saretik atara nagizu,
Zeu zaitut-eta gordeleku.
Zeure eskuetan izten dot nire arnasea,
askatuko nozu, Jauna, Jainko leiala. R/.

Entzun dot askoren marmarra,
edonondik beldur-ikara;
nire aurka alkar hartuta,
niri bizia zelan kenduko dabiltza. R/.

Nik, ostera, Jauna, uste on Zeugan dot,
“Zeu zara nire Jainko” – dinotsut -.
Zure eskuan nire joan-etorria,
atara nagizu arerioen eskutik,
aurrean narabilenakandik. R/.

No hay comentarios: