domingo, 1 de abril de 2012

Astelehen santu


Astelehen santu

San Joanen liburutik (Jn 12, 1-11)

Pazkoa baino sei egun lehenago, Jesus Betaniara joan zan; han bizi zan Lazaro, Jesusek hilen artetik biztu ebana. Afaria eskeini eutsoen; Martak ziharduan afaria zerbitzen, eta Lazaro Jesusegaz mahaian egozanetariko bat zan. Mariak, nardo jatorrezko kilo erdi bat ukendu usain gozoduna, balio handikoa, harturik, oinak igurtzi eutsazan Jesusi, eta bere ule-adatsez sikatu. Etxea lurrin-usainez bete zan.
Judas Iskariotek, salduko eban ikasleak, esan eban: «Zergaitik ez da saldu ukendu hori hirurehun denariotan, eta dirua behartsuei emon?» (Hori esan eban, ez behartsuak ardura jakozalako, lapurra zalako baino, eta, diru-poltsea berak ebanez, hara botaten ebenetik ostu egiten ebalako.)
Jesusek esan eutsan: «Itziozu bakean; nire hilobiratze-egunerako egin dau hori. Izan ere, behartsuak beti dozuez zeuen artean; baina Ni ez nozue betiko izango».
Juduetariko askok jakin eben Jesus Betanian egoala, eta bertara joan ziran, Jesusegaitik ez ezik, baita hilen artetik biztu eban Lazaro ikusteagaitik ere. Abadeburuek, orduan, Lazaro ere hiltea erabagi eben, ha zala-eta herritar askok eurakandik alde egin eta Jesusegan sinesten eben-eta.


Iruzkina

Pazkoaren bezperetan jarten gaitu ebanjelariak, Joanek, sei egun aurretik, eta afari baten. Jesus Betaniako bere lagunekaz alkartzen da, Azken Afariaren aurre-afaria dala esan daiteke, eta aparteko ezaugarri batzuez jantziko dau afari hori.

Hantxe dagola Lazaro, dinosku: «Jesusek hilen artetik biztu ebana». Alkarrren ondoan jarten deuskuz bizitza eta heriotza, Jesusen heriotza eguna hur balego lez. Eta emakumeak aitatzen dira (Marta, mahai zerbitzari), eta Maria, aparteko zeinu bat eginez, erdi-erdiko dogu afari horretan.

Mariaren zeinu hau, Jesusen lagunetariko baten (salduko eban Judasen) aurrez-aurre jarrita dago. Mariak egiten dauan zeinua neurri guztien gainetik dagoen egintza da; maitasunaren ezaugarri da. Halantxe maite dau Jesus, eta ez da txikikerietan ibiliko; bere oinetan isuriko dauan ukendua maitasunaren agerpen da; maitasunak ez dauka neurririk, dana emoten dau, eta horixe adierazten dau Mariak Jesusen oinetan, usain gozo harek etxe guztia hartzen eta beteten dauala.

Besterik agertzen dau Jesusen lagunetariko batek. Honen zeinuak (berbeak) bere zekenkeria agertzen dau, eta zekenkeriaz ihartutako bihotza, maitatzeko gauza ez dan bihotza; bizitza dirutan baino ikusten ez dauan bihotza: ukendua saltzea da bururatzen jakona, eta gero Jesus bera salduko dau.

Zein hur egon geintekezan Jesusengandik, eta zein jarrera ezbardinak atara geikezan... Maitasuna agertu geikeo, edo, interesen munduan murgilduta eta galduta bagagoz, bihotz ihartuarena agertuko dogu... Ea bere mahaian jarrita Jesus ezagutzeko eta benetan maitatzeko grazia lortzen dogun, bizitzan neurri bako egintzak aurrera eroateko gauza izan gaitezan, benetan maitatzen ikasi dogulako.


Sal 26, 1. 2. 3. 13-14
R/. Jauna dot argi eta salbamen.

Jauna dot argi eta salbamen, nork ni bildurtu?
Jauna biziaren babes, nork ni izutu? R/.

Nire haragia jateko gaiztoak jatazanean ausartzen,
nire etsai eta arerioak labanka doaz-eta jausten. R/.

Ez deust egingo bihotzak ikara,
Nire aurka gudu-txabolak jarririk ere;
nasai egongo naz ni,
nire aurka gudua sortu baledi ere. R/.

Jaunaren ontasuna ikus-ustean
nago bizien lurrean.
Itxaron Jaunagan eta adore izan,
bizkortu bekizu bihotza, eta itxaron Jaunagan. R/.

ERRAMU DOMEKEA —B—


ERRAMU DOMEKAKO PASINOA, Markosenetik


Jesu Kristo gure Jaunaren Nekaldia San Markosen liburutik (Mk 14, 1—15, 47)

Jesus maltzurkeriaz zelan atxilotuko ebilzan, hilteko.

[K Handik egun bira, Pazkoa eta Legamin bako Ogien jaia ospatzen ziran. Abadeburuak eta lege-maisuak Jesus maltzurkeriaz zelan atxilotuko ebilzan, hilteko. Baina hau inoen:

S «Ez gero jaiegunean, herrian iskanbilarik izan ez daiten».

Aldez aurretik igurtzi dau nire gorputza hilobirako.

K Jesus Betanian zan, Simon lepradunaren etxean. Mahaian egoala, emakume bat etorri zan, hartzurizko ontzian nardozko ukendu usain gozodun eta garestia ekarrela. Ontzia hausi eta Jesusi burura isuri eutsan. Batzuek, hasarre, honan esaten eutsoen alkarri:

S «Zergaitik holan alperrik galdu ukendu hori? Hirurehun denarioz goitik saldu zeikean eta dirua behartsuei emon».

K Eta marmarrean ziharduen emakumearen aurka. Baina Jesusek esan eutsen:

† «Itziozue bakean; zergaitik gogaitzen dozue? Egintza ona egin dau Nigaz. Izan ere, behartsuak beti dozuez zeuen artean, eta gura dozuenean on egin deikiozue; baina Ni ez nozue betiko izango. Honek ahal ebana egin dau: aldez aurretik igurtzi dau nire gorputza hilobirako. Benetan dinotsuet: mundu guztian zehar, Barri Ona iragarriko dan toki guztietan aitatuko da honek egin dauana, beraren gomutagarri».

Judas Iskarioteri dirua agindu eutsoen.
K Judas Iskariote, Hamabietako bat, abadeburuakana joan zan, Jesus hareen eskuetara emoteko asmoz. Hori entzutean, poztu egin ziran eta dirua agindu eutsoen. Eta Jesus hareen eskuetara emoteko egokiera bila hasi zan Judas.


Non da ikasleekin pazko-bildotsa jateko tokia?

Legamin bako Ogien Jaiko lehen eguna zan, pazko-bildotsa hilten zaneko eguna. Ikasleek itaundu eutsoen Jesusi:

S «Non gura dozu pazko-afarirako prestaketak egitea?»

K Harek ikasleetako bi bialdu zituan, esanez:

† «Zoaze urira, eta ur-suila daroan gizon bategaz egingo dozue topo; jarraitu egiozue, eta sartuko dan etxeko nagusiari esan: "Maisuak itauntzen dau non dagoan ikasleekaz pazko-bildotsa jateko tokia". Harek gela handi bat erakutsiko deutsue goian, jantzirik eta atondua. Prestau hantxe behar doguzanak».

K Joan ziran ikasleak eta, urira heltzean, Jesusek esan lez aurkitu eben dana, eta pazko-afaria prestau eben.

Zuetako batek saldu egingo nau,
Nigaz jaten diharduan batek

Ilunabarrean, joan zan Jesus Hamabiekaz eta, mahaian afaltzen ziharduela, Jesusek esan eutsen:

† «Benetan dinotsuet: Zuetako batek saldu egingo nau, Nigaz jaten diharduan batek».
K Hareek goibeltzen hasi ziran eta bata bestearen ondoren itaunka:

S «Nik ete?»

K Jesusek erantzun:

† «Hamabietako batek, Nigaz plater beretik jaten diharduanak. Gizonaren Semea badoa, Liburu Santuek Haretaz dinoen lez; baina dohakabea Gizonaren Semea salduko dauana! Hobe leukean jaio izan ez balitz».


Hau nire gorputza da.
Hau nire odola da, itunaren odola.

K Afaltzen ziharduela, Jesusek ogia hartu eban eta, bedeinkapen-otoitza eginez, zatitu eta emon eutsen, esanez:

† «Hartu egizue: hau nire gorputza da».

K Gero, kaliza hartu eta esker oneko otoitza esanez, emon eutsen, eta guztiek edan eben bertatik. Eta esan eutsen:

† «Hau nire odola da, itunaren odola, guztien alde isuria. Benetan dinotsuet: Ez dot gehiago ardorik edango, Jainkoaren erreinuan ardo barria edango dodan egunera arte».


Oilarrak bi aldiz jo baino lehen,
zuk hiru aldiz ukatuko nozu.

K Goratzarreak abestu ondoren, Oliamendira urten eben. Jesusek esan eutsen:

† «Guztion sinesmenak huts egingo dau, honan dago-eta idatzirik Liburu Santuan: "Joko dot artzaina eta ardiak sakabanatu egingo dira". Baina Ni, biztu ondoren, aurretik joango najatzue Galileara».

K Orduan, Pedrok esan eutsan:

S «Guztiek huts egiten badabe ere, nik ez».

K Jesusek erantzun eutsan:

† «Benetan dinotsut: Gaur gauean bertan, oilarrak birritan jo baino lehen, zuk hiru aldiz ukatuko nozu».

K Baina Pedrok gero eta areago:

S «Zugaz hil behar badot ere, ez zaitut ezelan ere ukatuko».

K Eta gauza bera esaten eben guztiek.


Ikara eta larria sentitzen hasi zan.

Getsemani eritzon landa batera heldu ziran, eta Jesusek esan eutsen ikasleei:

† «Zagoze hemen, Nik otoitz egin bitartean».

K Pedro, Santiago eta Joan eroan zituan Beragaz. Ikara eta larria sentitzen hasi zan, eta esan eutsen:

† «Hilteko zorian nago tristuraz; gelditu hemen eta zagoze erne».

K Eta aurreratxoago joanik, lurrean jausi eta otoizka hasi jakon Jainkoari, urrundu ekiola ordu ha, ahal bazan. Honan inoen:

† «Abba! Aita! Zuk guztia daikezu; urrundu egizu Nigandik kaliza mingots hau. Baina ez bedi egin Nik gura dodana, Zuk gura dozuna baino».

K Ikasleakana joan eta lotan aurkitu zituan. Pedrori esan eutsan:

† «Simon, lotan? Ordu bete ere ezin izan zara erne egon? Zagoze erne eta egin otoitz, tentaldian jausi ez zaitezen: gogoz gartsu izan arren, ahula da-eta gizakia».

K Barriro aldendu eta otoitz egin eban, lehengo berbak eurak esanez. Eta barriro bihurturik, lotan aurkitu zituan, begiak astun ebezan-eta; hareek ez ekien zer erantzun. Hirugarren aldiz joan jaken eta esan eutsen:

† «Egin lo eta hartu atsedena. Nahikoa da! Heldu da ordua: hona Gizonaren Semea pekatarien eskuetara emona. Jagi, goazen, hurrean da salduko nauana».


Atxilotu eta eroan arduraz.

K Oraindino berbetan ziharduala, han azaldu zan Judas, Hamabietako bat; jente-taldea etorren haregaz, abadeburuek, lege-maisuek eta herriko zaharrek bialduta, ezpatak eta makilak eskuetan zituela. Saltzaileak seinale hau emon eutsen:

S «Nik musu emongo deutsadana, haxe da; atxilotu eta eroan arduraz».

K Heldu baizen laster, Jesusegana hurreratu eta esan eutsan:

S «Maisu!»

K Eta musu emon eutsan. Besteek heldu eta atxilotu egin eben. Han egoan batek ezpatea atara, abade nagusiaren morroia jo eta belarria moztu eutsan. Jesusek esan eutsen:

† «Lapur baten bila lez etorri zaree, ezpata eta makilakin, Ni harrapatzera. Egunero zuen artean nengoan tenpluan irakasten, eta ez ninduzuen atxilotu. Baina holan behar dau, Liburu Santuetan idatzitakoa bete daiten».

K Ikasleek Jesus itzi eta ihes egin eben. Gazte bat ondoren joakon, soinean izara bat besterik ez ebala, eta eskua jarri eutsoen; baina harek, izarea itzi eta ihes egin eban biluzik.


Zu al zara Mesias, Jainko bedeinkatuaren Semea?

Jesus abade nagusiaren etxera eroan eben, eta han batu ziran abadeburu, herriko zahar eta lege-maisuak. Jesusen ondoren joan zan Pedro, urrundik jarraituz, abade nagusiaren jauregi barruraino. Eta morroiekin batera jesarrita, sutondoan berotzen ziharduan.
Abadeburuak eta Batzar Nagusi osoa Jesusen kontrako lekukotasun bila ebilzan, heriotzara kondenatzeko; baina ez eben aurkitzen. Asko ziran haren aurka guzurrezko testigantza egiten ebenak; baina lekukotasunak ez etozan bat. Batzuek jagi eta guzurrezko testigantza hau egin eben Jesusen kontra:

S «Guk entzun deutsagu esaten: "Neuk desegingo dot giza eskuz egindako santutegi hau eta hiru egunetan beste bat eregiko dot, giza eskuz egin bakoa"».

K Baina honetan ere ez etozan bat hareen testigantzak. Orduan, abade nagusiak, batzarraren erdian zutunik, itaundu eutsan Jesusi:

S «Ez al dozu ezer erantzun behar? Zer dira zure kontrako salaketa horreek?»

K Baina Jesus isilik egoan eta ez eban ezer erantzuten. Abade nagusiak barriro itaundu eutsan:

S «Zu al zara Mesias, Jainko bedeinkatuaren Semea?»

K Jesusek erantzun:

† «Bai, Neu naz, eta Gizonaren Semea Jainko ahalguztidunaren eskuman jesarrita eta zeruko hodei artean etorten ikusiko dozue».

K Abade nagusiak bere soinekoak urratu zituan, esanez:

S «Ba al dogu lekuko beharrik? Zeuek entzun dozue biraoa. Zer deritzazue?»

K Guztiek heriotzea merezi ebala erabagi eben. Batzuk txistua botaten hasi jakozan eta, aurpegia estalduz, ukabilkadak emoten eutsoezan, esanez:

S «Asmau egik, profeta!»

K Guardiek ere matrailakoka erabilen.


Ez dot ezagutzen zuek dinozuen gizon hori!

K Pedro beheko patioan egoala, abade nagusiaren neskame bat etorri zan. Pedro berotzen ikusirik, begira-begira jarri eta esan eutsan:

S «Zu ere Nazareteko Jesusegaz ibilten zinan».

K Baina harek ukatu egin eban:

S «Ez dakit zer dinozun ere, ez deutsut ulertzen!»

K Kanpora, atarira, urten eban, eta oilarrak jo eban. Ikusi eban neskameak eta han egozanei ere esan eutsen:

S «Hau horreetarikoa da».

K Pedrok barriro ukatu eban. Handik laster, han egozanek ere holan inoen:

S «Bai, zu ere horreetarikoa zara, galilearra zara-eta».

K Pedro biraoka eta madarikazinoka hasi zan:

S «Ez dot ezagutzen zuek dinozuen gizon hori!»

K Eta bat-batean oilarrak bigarren aldiz jo eban. Jesusek esana gogoratu jakon Pedrori: «Oilarrak birritan jo baino lehen, zuk hiru aldiz ukatuko nozu», eta negarrari emon eutsan.]


Gura al dozue juduen erregea askatzea?

K Eguna argitu baizen laster, abadeburu, herriko zahar eta lege-maisuak batu ziran —Batzar Nagusi osoa— eta, erabagia hartu ondoren, Jesus loturik eroan eta Pilatoren eskuetan jarri eben. Pilatok itaundu eutsan:

S «Zu al zara juduen erregea?»

K Jesusek erantzun eutsan:

† «Zeuk dinozu».

K Abadeburuek salatu eta salatu ziharduen haren aurka. Pilatok itaundu eutsan barriro:

S «Ez al dozu ezer erantzun behar? Begira zenbat salakuntza egiten daben zure aurka».

K Baina Jesusek ez eutsan gehiago erantzun, eta harriturik egoan Pilato. Pazko-jai guztietan preso bat askatu ohi eban Pilatok, herriak eskatzen ebana. Bazan espetxean Barrabas izeneko bat, matxinadakoan giza hilketa bat egin eben beste matxinatuekaz batean. Igon eban jenteak Pilatoren jauregira eta ohitura ebana emoteko eskatzen hasi ziran. Pilatok erantzun eutsen:

S «Gura al dozue juduen erregea askatzea?»

K baekian-eta abadeburuek bekaitzez emon eutsoela Jesus. Baina abadeburuek jentea berotu eben, Barrabas askatzeko eskatu egian. Pilatok barriro itaundu eutsen:

S «Eta zer egin behar dot juduen errege esaten deutsazuen Horregaz?»

K Hareek, orduan, deadarka:

S «Josi kurutzean!»

K Eta Pilatok:

S «Zer oker egin dau, bada?»

K Hareek, gero eta deadar handiagoz:

S «Josi kurutzean!»

K Pilatok, orduan, jenteari atsegin emoteagaitik, Barrabas askatu eutsen eta Jesus, zigortuazo ondoren, hareen eskuetara emon eban, kurutzeratu egien.


Arantzaz egindako koroia ipini eutsoen.

K Gudariek Gobernadorearen jauregi barrura eroan eben Jesus eta gudari-talde osoa batu eben. Purpurazko jantzia ipini eutsoen soinean eta arantzaz egindako koroia buruan. Eta agurka hasi jakozan:

S «Agur, juduen erregea!»

K Kainaberaz buruan joten eben eta txistua botatzen eutsoen eta, belaunikaturik, aurrean ahuspez jarten jakozan. Nahiko iseka egin ondoren, purpurazko jantzia kendu eta bere soinekoak jantzi eutsoezan. Gero, atara eta kurutzean josteko eroan eben.


Golgota izeneko lekura eroan eben Jesus.

K Solotik etxerakoan handik joian bat, Simon Zirenekoa, Alexandro eta Ruforen aita, kurutzea eroatera behartu eben. Golgota izeneko lekura eroan eben Jesus (Golgotak "Buru-hazur" esan gura dau).


Gaizkileen kidekotzat jo eben.

K Mirraz nahastutako ardoa eskeini eutsoen, baina ez eban hartu. Kurutzean josi eben, eta gudariek haren jantziak banatu ebezan, zer norentzat zotz eginez. Bederatziak ziran kurutzeratu ebenean. Honan inoan kondenaren arrazoia adierazoten eban idazkunak: JUDUEN ERREGEA. Jesusegaz batean gaizkile bi kurutzeratu ebezan, bata eskuman eta bestea ezkerrean. Honan bete zan Liburu Santuak dinoana: «Gaizkileen kidekotzat jo eben».


Besteak salbau jozak,
eta bere burua ezin salbau!

Handik igaroten ziranek irain egiten eutsoen Jesusi, buruari eragin eta esanez:

S «Hara, santutegia desegin eta hiru egunetan barriro eregiten ei dauana! Salbau egik heure burua! Jaitsi hadi kurutzetik!»

K Era berean, abadeburuek ere, lege-maisuekin batean, burla egiten eutsoen, esanez:

S «Besteak salbau jozak, eta bere burua ezin salbau. Mesias eta Israelgo erregea ei dok; jaitsi daitela orain kurutzetik, ikusi eta sinestu dagigun».

K Beragaz kurutzean josiak egozanek ere irain egiten eutsoen.


Jesusek, deadar handia eginez,
azken arnasa emon eban.

K Eguerdian, ilundu egin zan lurbira osoa hirurak arte. Hiruretan, Jesusek oihu handiz esan eban:

† «Eloi, Eloi, lema sabaktani»,

K —hau da,

«Ene Jainko, ene Jainko, zergaitik itzi nozu?»—.

K Hau entzutean, han egozan batzuek esan eben:

S «Eliasi deika ziharduk».

K Orduan batek, lasterka joan, belaki bat ozpinetan busti eta, kainabera bati muturrean jarriz, edatera emon eutsan, esanez:
S «Egon, ea jatorkon Elias, kurutzetik jaistera».

K Baina Jesusek, deadar handia eginez, azken arnasa emon eban.


Hemen belauniko jarri eta egonalditxo bat egiten da.


Orduan, santutegiko oihala erdiz erdi urratu zan, goitik beheraino. Aurrean egoan erromatar ehuntariak, zelan hil zan ikustean, esan eban:

S «Benetan, gizon hau Jainkoaren Semea zan».

[ K Baziran han emakume batzuk ere, urrundik begira; hareen artean, Maria Magdalena, Santiago gaztearen eta Joseren ama Maria, eta Salome; honeek Jesusen ondoren eta beraren zerbitzuan ibiliak ziran, Galilean egoala. Baziran beste emakume asko ere, Jesusegaz Jerusalemera igon ebenak.


Josek izaran batu eban
eta harkaitzean zulatutako hilobian ipini.

Ilunabarrean —zapatu-bezperea zan egun ha, Pazko-jairako prestaketa-eguna—, Arimateako Jose Pilatogana joatera ausartu zan, Jesusen gorpua eskatzera. Jose hau kontseilukide ospetsua zan, eta Jainkoaren erreinua noiz helduko zain egoan. Harritu zan Pilato Jesus ordurako hila izateaz eta, ehuntariari dei eginez, aspaldi hila zan itaundu eutsan. Ehuntariaren argibideak jaso ondoren, gorpua eroateko baimena emon eutsan Joseri. Honek izara bat erosi eta, Jesus kurutzetik jaitsirik, izaran batu eban eta harkaitzean zulatutako hilobian ipini. Gero, harri bat irauliz, hilobiko sarrerea itxi eban. Maria Magdalena eta Maria, Joseren ama, non jarten eben begira egozan.]