domingo, 4 de marzo de 2012

Garizumako lehenengo asteko eguastena

Garizumako 1. asteko eguastena

San Lukasen liburutik (Lk 11, 29-32)

Aldi haretan, jente asko batzen zala, Jesus honan hasi jaken esaten: «Gizaldi hau gaiztoa da. Ezaugarri eske dihardu, baina ez jako ezaugarririk emongo, Jonas profetearena besterik. Izan ere, ninivetarrentzat Jonas ezaugarri izan zan lez, holan izango da Gizonaren Semea gizaldi honentzat.
Auzi-egunean hegoaldeko erreginak gizaldi honetako jentearen aurka jagi eta gaitzetsi egingo dau, lurraren azken mugetatik etorri zan-eta ha Salomonen jakituria entzutera, eta hona hemen Salomon baino gehiago dana.
Auzi-egunean ninivetarrek ere gizaldi honen aurka jagi eta gaitzetsi egingo dabe, hareek bihozbarritu egin ziran-eta Jonasen predikuaz, eta hona hemen Jonas baino gehiago dana».


Iruskina

Onura lez ete daukagu sinismena? Ba ete daikigu eskertzen sinismena? Ala eskakizun larregi jarten deuskuz, eta uste dogu hobe litzatekela ez sinistea? Inoiz jarri ete gara, gero, pentsatzen, "nirea sinismena ala siniskeria da"? Hausnartzekoa litzateke zergaitik eskatzen deutsoen Jesusi goitiko ezaugarriren bat. Danik handiena emon arren ere, sinistuko ete leukee? Ezetz dirudi. Eta horrexegaitik jarten deutsez Jesusek adibide batzuk. Baina harei bardin deutse: ez dagoz bihozbarritzeko.


Baina bai egiten dauela Jesusek autormen adierazgarri eder bat: «hona hemen Salomon baino gehiago dana... hona hemen Jonas baino gehiago dana». Nor dogu, ba, Jesus? Zer dino bere buruaz?


Bila dabilanak aurkitu egiten dauala esan geike, eta bilaketa horrek eskatzen deutsona emoteko ere prest dago. Bila ez dabilanari gauzarik ederrena aurkezten bajako ere ez deutso zirkinik egiten. Horregaitik ezin deutse harei Jesusek alperreko ezaugarririk emon.


Baina bila bagabiz, luzarora barik aurkituko dogu, aurrean jarriko jaku-ta; Jainkoak ez dau itxaronazoten. Baina horixe: bila urten behar; geure gogoa erakutsi behar. Eta gogoa dagoanean, prest dago aldakuntzarik egiteko ere. Bestela, zein gatx egiten dan bihozbarritzea! Eta hori barik, ez dago Jesus bere izantasunean hartzerik, ezagutzerik, maitatzerik, autortzerik... ezaugarriak eta bi eskatu arren ere.


Sal 50, 3-4. 12-13. 18-19
R/. Ez dozu baztertuko, Jainko, bihotz damutu eta umildua.

Erruki zakidaz, Jainko, zeure maitasun handiaz,
kendu egizu nire errua zure amaibako errukiaz.
Garbitu nagizu zeharo nire hobenetik,
garbitu nire gaiztakeriatik. R/.

Bihotz garbi bat, Jainko, sortu egizu nigan,
arnasa bizkorra barritu egizu nire barruan.
Ez nagizu urrundu zure aurretik,
zure arnasa santua ez kendu niri. R/.

Ez jatzu-eta atsegin oparirik,
erre-opariak ez zendukez hartuko nik emonik.
Nire oparia, Jainko, bihotz damutua:
ez dozu baztertuko, Jainko,
bihotz garbitu eta umildua. R/.

No hay comentarios: