domingo, 4 de marzo de 2012

Garizumako bigarren asteko astelehena

Garizumako 2. asteko astelehena


San Lukasen liburutik (Lk 6, 36-38)

Aldi haretan, Jesusek esan eutsan jenteari: «Izan zaiteze errukior, zuen Aita errukiorra dan lez. Ez epaitu, eta ez zaitue Jainkoak epaituko; ez gaitzetsi, eta ez zaitue gaitzetsiko; parkatu, eta parkatuko deutsue; emon, eta emongo deutsue: neurri betea, sakatua, estutua eta leporainokoa emongo deutsue altzora. Izan ere, zuek zein neurriz neurtu, halakoaz neurtuko zaitue Jainkoak».


Iruskina

Ikasleentzat eskakizun edo esijentzia gogorrak daukazela Jesusek esan daiteke; baina jendetaldearentzako eskakizunak ere ez dira makalak. Aberatsentzat eta asetuentzat-eta madarikapen izugarriak jaurti ondoren, jendetaldearentzako eskakizunak jarten ditu, helburutzat Jainko Aitaren errukia jarriz (Mateok «bikaintasuna» jarten dauan lekuan).

Baina badirudi Jesusek leundu egin nahi ditula eskakizunok, eta guk zelan erantzuten dogun, halantxe erantzungo deuskula Jainkoak esan gura deuskula; haua da: Jainkoaren guganako jokabidea geurearen parekoa izango dala.

Eta mailakatze baten jarten dauz eskakizunok, beti ere Jainkoaren errukia aur-aurrean jarrita; ez epaitu, ez gaitzitsi; parkatu; emon..., eta horrela neurriz kanpoko ugaritasuna hartuko da.

Beti ere gatx egiten bajaku ulertzea eskuzabaltasuna ez dala hutsean geratuko, ordaina eta gehiago hartuko dauala baino, gatxago egiten da eskuzabal izatea gauzak ilun dagozenean, ondo ez dagozenean, urri ikusten danean, edo doi-doi norberetzako lain dagoela uste danean.

Orduan errezago da norbere zekenkeria onestea..., besteak epaituz, edo gaitzetsiz, eskua itxiz. Behar bada, ba, orduantxe dogu beharrezko Jesusen berbok entzutea; merezi dauala eskuzabal izateak; hobe dala errukior jokatzea, eta norberea dala uste dana, eta gitxi dala gainera, jokoan jartea, banantzea, erantzuna "betekadea" izango dalako. Hau da: Jainkoak ez dau saritu barik itziko keinu on bat.

Begiak gora jaso behar doguz, ba, Aitaren errukiaz jabetzeko, eta haren seme-alaba lez jokatzeko, gauzak hain ondo ez dagozenean, edo txarto dagozenean ere. Erakutsi daigula noren seme-alaba garan.


Sal 78, 8. 9. 11 eta 13
R/. Ez jardun gugaz, Jauna, gure hobenen neurrira.

Ez gogoratu gure kaltetan gurasoen hobenak,
betorkigu laster zure errukia,
oso zoritxarreko bihurtu gara-eta. R/.

Izan zakiguz lagun, Jainko gure salbatzaile,
zeure izenaren ederragaitik;
atara gagizuz eta parkatu gure hobenak,
zeure izenagaitik. R/.

Atxilotuen deadarra heldu bekizu,
heriotzara galduak zure esku bizkorrez askatu egizuz.
Guk, ostera, zure herri eta larrako artalde garanok,
ospatuko zaitugu beti
zure goespena zabalduko dogu gizaldiz gizaldi. R/.

No hay comentarios: