San Mateoren liburutik (Mt 5, 43-48)
Aldi haretan, Jesusek esan eutsen ikasleei: Entzun dozue antzinakoei agindua: "Maitatu egizu zeure lagun hurkoa eta gorrotatu zeure arerioa". Nik, ostera, hau dinotsuet: Maitatu egizuez zeuen arerioak eta egin otoitz erasoten deutsuenen alde zeruetan dagoan zeuen Aitaren seme eta alaba izan zaitezen, Harek gaiztoentzat eta zintzoentzat ataraten dau-eta eguzkia eta zuzenentzat eta zuzenbakoentzat egiten euria.
Izan ere, maite zaituenak bakarrik maite badozuez, zer sari zor jatzue? Zergalariek ere ez al dabe beste horrenbeste egiten? Eta zeuen senideak bakarrik agurtzen badozuez, zer egiten dozue berezirik? Jentilek ere ez al dabe beste horrenbeste egiten? Izan zaiteze, beraz, guztiz onak, zeruetako zuen Aita guztiz ona dan lez.
IRUSKINA
Legea bera ere, danik eta sakratuena daben Legea bera ere, zelan aldatu leikeen "onerako" dala uste izanik, edo borondaterik eta onenaz... Halan ete da? Maitatu lagun hurkoa. Hau badino Legeak. Baina ez dino «gorrotatu zure arerioa». Baina Jesusen aldietan horixe esaten zan; eta Jesusek berak ere entzuna eukan, eta gogorazoten deutse bere ikasleei.
Gogoan hartu behar izango geukeana: Jainkoa hur-hur daukagun Aita dogu; harek bere seme-alaba agertu gaitezezla nahi dau guretzat. Eta begira noraino heldu behar izango leuken gure ahaleginak, ha «bikaina» bada (akatsik bakoa, maitasun hutsa, ezelango txarrik bakoa, e.a.) gu ere, geure neurrian, haren antz eta irudira, bikainak izan gaitezan. Mateoren ebanjelioaren itzulpen honetan «on-ona» jarten deusku. Baina hauxe berau ere ba ete dago geure esku?
Behin eta barriro gogoratu behar doguna litzateke: Jainkoa ez dala geure esanetara jarri behar dogun ezinbesteko indarra, bere antzeko seme-alaba nahi gaituen Aita/Ama baino. Horren barri hartuko bagendu... Eta hauxe da Jesusek emon nahi deuskuna: «Maitatu egizuez zeuen arerioak eta egin otoitz erasoten deutsuenen alde zeruetan dagoan zeuen Aitaren seme eta alaba izan zaitezen» dinosku-eta.
Areriorik euki ere ez geuke egin behar. Eta arerio doguzela uste dogunek, otoitzera joazo behar izango gindukeez, eta horrexek berorrek jarri behar izango gindukez Aita/Amagandik oraindino hurrago...
Salmoa 118, 1-2.4-5.7-8
R/. Dohatsu Jaunaren legean dabilzanak.
Dohatsu zintzo bizi diranak,
Jaunaren legean dabilzanak.
Doatsu Harek agindutakoa egiten dabenak,
Ha bihotz bihotzez bilatzen dabenak. R/.
Zeuk emon dozuz arauak,
arduraz gordetekoak.
Nire bideak izan beitez sendo,
Zeuk ezarriak beteteko. R/.
Ospatuko zaitut bihotzaren zuzentasunean,
zure bidezko erabagiak ikasten ditudanean.
Zeuk ezarriak ditut beteko,
ez nagizu itzi behin betiko. R/.
No hay comentarios:
Publicar un comentario