sábado, 31 de marzo de 2012

Garizumako bostgarren. asteko zapatua


Garizumako 5. asteko zapatua

San Joanen liburutik (Jn 11, 45-57)

Aldi haretan, Jesusek Lazarogaz egina ikusi ebenean, Maria ikustera joandako judu askok sinestu eban Haregan. Hareetako batzuk, ostera, fariseuekana joan ziran eta Jesusek egin ebana kontatu eutseen.
Orduan, abadeburu eta fariseuek Batzarra batu eben, eta esan: «Zer egin? Gizon honek ezaugarri asko egiten dihardu. Holan jarraitzen izten badeutsagu, danek sinestuko dabe Beragan, etorriko dira erromatarrak eta hondatu egingo deuskuez bai tenplua eta bai herria». Batzarkideetako batek, urte haretan abade nagusi zan Kaifasek, esan eutsen: «Zuek ez dakizue ezer. Ez al zaree konturatzen hobe dozuela gizon bat herriagaitik hiltea, herri osoa galtzea baino?»
Kaifasek ez eban hori bere kabuz esan; urte haretan abade nagusi zanez, profeta lez berba egin ebalako baino, Jesus herriaren alde hilgo zala adierazotean; eta ez herriaren alde bakarrik, baita sakabanaturik egozan Jainkoaren seme-alabak alkartzeko ere. Eta egun haretan, Jesus hiltea erabagi eben.
Horregaitik, Jesus ez zan agirian ibilten juduen artean. Basamortu ondoko bazter batera alde egin eban, Efraim izeneko herrira, eta han egon zan ikasleekin. Juduen Pazkoa gainean zan, eta herrialdeko jente askok Jerusalemera igon eban Pazkoa baino lehen, garbikuntzak egiteko. Jerusalemera etorriak Jesusen bila ebilzan eta, tenpluan topo egitean, itauntzen eutsoen alkarri: «Zer deritzazue? Ez ete da jaietara etorriko?» Abadeburu eta fariseuek agindu eben, inork Jesus non zan jakiten baeban, salatu egiela, atxilotu ahal izateko.


Iruzkina

Jesusen inguruan bai argi agertzen dala nor nor dan edo zer dan; harek ez dau inor lehengotan izten; haren aurrean jarrera bat hartu beharra dago: batzuk harengan sinistera heltzen dira; beste batzuk zalatzaile bihurtuko dira; eta nagusi-agintariak hiltzaile bihurtuko dira. Horrenbesteko gorrotoa sortuazo daike Jesusek, ona besterik egiten ez dauanak? Badiru baietz. Zergaitia aztertu behar izango litzateke...

Honen aurrean, ba, Jesusen aurreango geure jarrerea ere aztertu geike... Zer da Jesus niretzat? Zer eragiten dau Jesusek nire barruan? Zelan gauzatzen da haretazkoa nire eguneroko bizitzan?... Sinisten dot Jesus, beragan daukat uste on osoa jarrita? Ala beste asmo eta interes batzuk daukadaz, eta enbarazu dot Jesus, eta ha baztertzen ausartzen ez banaz ere —guztiz, behintzat—, neure zalantzak daukadaz, eta sarritan harena ez banintz lez jokatzen dot?

Jesusek «basmortu ondoko bazter batera alde egin eban, Efraim izeneko herrira, eta han egon zan ikasleekin». Jainko-herri barria sortu behar ete da Jesusen inguruan, harako baten Moisesen inguruan Jainkoaren Herria sortu zan lez? Handik urtengo dau Jerusalenera igoteko, bere aintzan sartzeko, batzuentzat ageri-ageriko bere porrota izango bada ere, bere jarraitzaileentzat —ez lehenengo unean, baina bai gerotxoago, berbiztu lez sumatzen dabenean— garaile bakar izango da.

Egin daigun basamortu esperientzia Aste Santuan sartzeko. Bilatu daigun Jesus, beragan uste on osoa jarriz, beragan sinistu daigun. Izan daitela gure bizitza Jesus bilatzea, hari jarraitzea, eta, harengan, beste guztiak maitatzea: berbiztu lez bizi izatea.


Jr 31, 10. 11-12ab. 13
R/. Artzainak artaldea bezala zaindu gaitu Jaunak.

Entzun Jaunaren hitza, atzerriak,
iragarri urrungo ugarteetan:
“Israel banatu ebanak batuko dau,
artzainak artaldea lez zainduko dau. R/.

Jakob Jainkoak birrerosi dau,
indartsuago baten eskutik atara dau”.
Irrintzika etorriko dira Sion-mendira,
Jaunaren ondasunetara batuko dira. R/.

Neskak orduan dantzan pozik ibiliko dira,
mutil eta agureekin batera.
Negarretik atarako ditut pozaldira,
eta, atsekabe ondoren, atseden eta alaitasunera. R/.

jueves, 29 de marzo de 2012

Garizumako bostgarren asteko barikua


Garizumako 5. asteko barikua

San Joanen liburutik (Jn 10, 31-42)

Aldi haretan, juduek barriro harriak hartu ebezan Jesusi harrika egiteko. Jesusek esan eutsen: «Egintza onik asko egin dot zuen aurrean Aitaren izenean; horreetako zeinegaitik egin gura deustazue harrika?»
Erantzun eutsoen: «Ez zaitugu egintza onak egiteagaitik harrikatu gura, birao egiteagaitik baino; gizaki izanik, zeure burua Jainko egiten dozulako».
Jesusek erantzun eutsen: «Ez al dago idatzirik zuen Liburu Santuan: "Nik esan dot: jainko zaree?" Beraz, Jainkoak "jainko" esaten deutse bere berbea zuzendu eutsenei, eta Liburu Santuak esana ukaezina da. Zelan dinozue, bada, Nik, Aitak sagaratu eta mundura bialdu nauan honek, birao egiten dodala, Jainkoaren seme nazala esateagaitik? Nire Aitaren egintzak egiten ez baditut, ez sinestu Niri; baina egiten baditut, Niri sinesten ez badeustazue ere, sinestu egintzei. Holan, behin betiko jakingo dozue Aita Nigan dagoala eta Ni Aitagan».
Barriro ere atxilotu egin gura izan eben, baina ihes egin eutsen eskuetatik.
Barriro Jordanez beste aldera joan zan Jesus, sasoi batean Joanek bateatzen jardun eban lekura. Han gelditu zan aldi batez, eta jente asko joaten jakon. Honan inoen: «Joanek ez eban ezaugarririk bat ere egin, baina Honetaz esan eban guztia egia zan». Eta han askok sinestu eban Jesusegan.


Iruzkina

Labea gero eta goriago dago. Harrikatu egin gura dabe Jesus, edo atxilotu, baina ihes egiten deutse. Behin eta barriro dino gauza bera: berak dinoana egia dala, bere egintzek baiezten dabela, Aitaren egintzak baino ez dauzela egiten... Baina ezin dabe holangorik iruntzi. Ezin dabe iruntzi Jainko hain handia, hain euren gainetik eta urrun dagoana hain gizakoi ikustea. Bakotxak bere lekua dauka: Jainkoak zerua, eta lurra gizakion lekua da.

Eta Jesusek besterik agertu gura dau. Jainkoa ez dago "han", gizakiaz ahaztuta. Jainkoa sufritzen dagoan edonoren ondoan dago; ez dabe laztantzen azaleko eskeintzariek, baztertuaren aldeko zuzentasunak baino, behartsuari eskua luzatzeak baino. Horreexek dira Jesusen egintza onak, bere berbea baiezten dabenak.

Ez dau, ba, bere egokierarik aurkitzen Jesusek, eta basamortura bihurtzen da, bihozbarritze lekura, Jainkoagaz aurkitzeko lekura. Hantxe jaio zan Jainkoaren herria. Handixik urtengo dau Jesusek ere, bere aintzan sartzeko, ordua heldu daitenean. 

Bitartean, beste behin ere, beste asko heltzen dirala Jesusengan sinistera, dinosku ebanjelariak, Joan Bateatzailearen gainetik jarri guran, harek ez ebala ezaugarririk egin esanez. Baina non geldituko dira sinistunok gero inondik inora agertzen ez badira? Zelango indarra dauan "aparatoak", agintariek, Jauretxeak, Legeak, Profetek, eskeintzariek eta ohiturek... Ezin bizi izan daiteke euretatik kanpo. Eta danak zalantzan jarten dauzan Jesus (hobeto esan, hareen erantzuna azaletikoa baino ez zala zalatzen eban Jesus) harrikatua izateko zorian dago. Jainkoagazko hartu-emonean barrituko dauz indarrak azken txanparako.


Sal 17, 2-4. 5-6. 7
R/. Nire larrialdian Jaunari egin neutsan dei, eta entzun ninduan.

Maite zaitut Jauna, nire indar,
Jauna, nire harkaitz, gaztelu eta salbatzaile.
Zugana batzen naz, harkaitz zaitudan Jainko,
nire babes, salbamen-indar, nire gordeleku.
Egiten deutsat dei Jaun goresgarriari,
eta salbau naiteke arerioakandik. R/.

Heriotz-olatuek inguratu ninduen,
erreka hondatzaileek ikaratu ninduen.
Leizako sokek korapilatu ninduen,
heriotz-edeek lotu ninduen. R/.

Nire larrialdian Jaunari egin neutsan dei,
neure Jainkoari deadar egin;
eta bere etxetik entzun eban nire berbea,
eta belarrietara sartu jakon nire orroa. R/.

miércoles, 28 de marzo de 2012

Garizumako bostgarren asteko eguena


Garizumako 5. asteko eguena

San Joanen liburutik (Jn 8, 51-59)

Aldi haretan, Jesusek esan eutsen juduei: «Bene-benetan dinotsuet: Nire berbea gordeten dauanak ez dau inoiz heriotzarik ikusiko».
Juduek esan eutsoen: «Orain bai dakigula deabruaren menpe zagozala. Abraham hil egin zan eta profetak ere bai; eta Zuk dinozu: "Nire berbea gordeten dauanak ez dau inoiz heriotzarik ikusiko? Gure aita Abraham baino handiagoa al zara, bada, Zu? Ha hil egin zan eta profetak ere bai; nor zaralakoan zagoz?»
Jesusek erantzun eutsen: «Nire burua Neuk ohoratuko baneu, nire ohore horrek ez leuke ezer ere balioko; baina Ni Aitak ohoratzen nau, zeuen Jainkoa ei dozuenak; zuek, ostera, ez dozue ezagutzen; Nik, bai, ezagutzen dot, eta ezagutzen ez dodala esango baneu, guzurtia izango nintzateke zuek lez; baina ezagutzen dot eta baita haren berbea gordeten ere. Zuen aita Abraham pozik zan nire eguna ikusiko eban itxaropenez; ikusi eban eta alaitasunez bete zan».
Orduan, juduek esan eutsoen: «Ez dozuz oraindino berrogeita hamar urte, eta Abraham ikusi dozula?» Jesusek erantzun eutsen: «Bene-benetan dinotsuet: Abraham sortu baino lehenagokoa naz Ni».
Orduan, harriak hartu ebezan Hari jaurtiteko; baina Jesus ezkutau egin zan eta tenplutik urten.


Iruzkina

Laugarren ebanjelioak jarten deuskuzan Jesusen eta judeguen arteko eztabaidotan, Jesusen nortasuna, Jainkoagazko bat izatea eta honen Semeatasuna eskeini nahi deuskuz. Tabor mendian lez, hemen ere Jesusen inguruan Abrahan eta Profetak agertzen dira, judeguentzat agintedunik handienak. Eta Joanek hareen gainetik jarten dau Jesus Jainkoagaz pareko egin arte.

Jesusek zalantzan jarten ditu, ba, Legea, ohiturak eta zelan-halango testigantzak, eta danen gainetik bere berbea eskeintzen dau egiatzat eta salbatzailetzat. Jainkoagandik datorren berbea da, bizitz emoilea da. Baina ez deutsoe entzun gura; ez dabe haren berbea onartu gura; bere burua aintzaltzen balego lez hartzen dabe; ezin ulertu dabe Jainkoak, Jesusek Aita deitzen deutsonak, ohoretzen dauala.

Apurka-apurka badoa ebanjelio hau Jesus bere lekuan jarten; judeguak sutan jarriko dauz Jesusek leku hori hartu beharrak: «nor zaralakoan zagoz?» galdetuko deutsoe. Eta, behin eta barriro esanaz, behin era batera behin bestera, Abraham baino lehenagokoa agertuko dau bere burua, eta profetak baino handiagoa, hareek baino aginte handiagoa daukana. Jesusek ez dau inoren berba agindutakoa iragarten; esaten dauanari berak emoten deutso baiezpena, Jainkoagandiko lez iragarten daualako.

Abraham alaitasunez bete bazan Jesusen eguna ikusita, gertatu gaitezan geu ere egun hori ikusteko eta poztasunez beteteko; ez gaitezan geuretxoetan gelditu, besterik ez balego lez; entzun deiogun Jesusi eta sinistu daigun beragan, bere hitzean uste on osoa jarriz, berak egingo gaitu-ta askeak, berak salbatuko gaitu-ta.


Sal 104, 4-5. 6-7. 8-9
R/. Gogoan dauka Jaunak betiko egin eban ituna.

Bilatu egizue Jauna eta Haren ahalmena,
bilatu beti Haren aurpegia.
Ekarri gogora egin dituan mirariak,
Haren ikusgarri eta ahoko erabagiak. R/.

Haren morroi Abrahamen hazia zareenok,
Haren aukeratu Jakoben semeok.
Jauna dogu geure Jainko,
Haren erabagiak balio dabe lur guztirako. R/.

Gogoan dauka betiko egin eban ituna,
Berak mila gizaldirentzat agindua;
Abrahamegaz egin eban alkargoa,
Isaaki emon eutsan zin-hitza. R/.

martes, 27 de marzo de 2012

Garizumako bostgarren asteko martitzena


Garizumako 5. asteko martitzena

San Joanen liburutik (Jn 8, 21-30)

Aldi haretan, Jesusek esan eutsen fariseuei: «Ni banoa, eta nire bila ibiliko zaree; baina zeuen pekatuan hilgo zaree. Ni noan tokira zuek ezin zaree joan». Orduan, entzuleek esan eben: «Bere burua hil behar ete dau? Horregaitik esan ete dau "Ni noan tokira zuek ezin zaree joan"?»
Jesusek jarraitu eban: «Zuek behekoak zaree, Ni goikoa naz; zuek mundu honetakoak zaree, Ni ez naz mundu honetakoa. Horregaitik esan deutsuet, zeuen pekatuetan hilgo zareela; izan ere, "Neu nazala" sinesten ez badozue, zeuen pekatuetan hilgo zaree-eta». Orduan, esan eutsoen: «Nor zara Zu?»
Jesusek erantzun: «Hasieratik dihardut zuei esaten. Badot zuetaz zer esanik eta zer gaitzetsirik asko. Bialdu nauana fidagarria da; eta Nik Hari entzun deutsadana, horixe bera esaten deutsat munduari». Hareek ez ziran jabetu Aitaz berba egiten eutsela.
Jesusek, beraz, esan eutsen: «Gizonaren Semea jasoko dozuenean, orduan jakingo dozue Neu nazala, eta ez dodala neurez ezer egiten; Aitak erakutsi deustana bakarrik esaten dodala baino. Ni bialdu nauana Nigaz dago; ez nau bakarrik itzi, Harek atsegin dauana egiten dot-eta beti».
Jesusek gauza honeek esan zituanean, askok sinestu eban Beragan.


Iruzkina

Zelan azaldu Jesusen nortasuna? Zelan azaldu eta aditzera emon Jesusen jainkotasuna? Zelan azaldu edo autortu Jesusengan aurkitu geikela Jainkoaren izantasuna, aurpegia, izakerea..., Jesus Jainko-Semea dogulako? Era askotara nahi izango dau azaldu hori laugarren ebanjelioak, baina ez argi laga barik judeguek ez deutsoela ulertzen Jesusi, edo, hobeto, ezin deutsoela ulertu, ez daualako baiezten Jainkoaz eurek dauken irudia edo ustea? Ez ete dau horrexek eskatzen bihozbarritzea? Geure pentsamoldeetan sartzeko langoa ete da Jainkoa? Ez ete dogu geuk sartu behar bere esanetan, asmoetan, errukian?

Ez daigun uste izan txarrak ziralako ezin eutsoela judeguek Jesusi ulertu. Bakotxa bere inguruan bizi da, eta inguruaren arabera, inguruko pentsamoldeetan, ohituretan, hartu-emonetan... Eta ingurua norberak egiten badau ere hein baten, inguruak berak ere egiten dau bat beste hein handi baten. Eta, neurri baten, asko eta asko ez dira gauza ingurua egiteko, eta inguruak egiten dauz eurak. Honeek ez dabe onartuko izamolde hori kinkan jarri leikean ezer.

Eta Jesusek kinkan, zalantzan, jarten ditu, ba, bere aldikoen usteak, pentsamoldeak, jarrerak, Jainkoaganako usteak... Eta hori ezin izango deutsoe onartu bere aldikoek; azkenean gorroto izango dabe.

Bihozbarritzeak, ba, norbere izamoldea eta inguruagazko hartu-emona kinkan jartea eskatzen dau, zalantzan jartea eskatzen dau, norbere buruagazko zintzotasun maila bat eskatzen dau, askatasun handia eskatzen dau... eta uste on osoa Jainkoagan jartea, ez dagoelako norbere esku, harexen esku baino; Jainkoaren grazia da.

Ez dogu itsu-mustuan ibili beharrik. Jainkoak, bere Semeagan, markatu egiten deusku bidea, eta urratsak emonazo ere bai. Ez daigun bera zalantzan jarri; bai, ordea, geure izakerea, geure jokaerea, geure pentsamoldeak... Izan daigun uste on geure ondo-ondoan dagoan (dan) Jainkoagan; bere Semeagan oso-osoan agertzen jakunarengan.



Sal 101,2-3.16-18.19-21
R/. Entzun nire otoitza, Jauna, betor nire oihua Zugana.

Entzun nire otoitza, Jauna,
betor nire oihua Zugana.
Ez egidazu ezkutatu zeure aurpegia,
estu nazan aldian.
Belarri hori nigana bihurtu egizu,
nik Zuri deitzean, arin entzun egidazu.R/.

Atzerriek begirunez hartuko dabe zure izena, Jauna,
lurreko errege guztiak zure goitasuna,
Jaunak Sion lehengoratzean,
Bera eder agertzen danean.
Behartsuen otoitzera bihurtukoa,
eta ez dau gitxietsiko horreen otoitza.R/.

Idatzi bedi hau hurrengo gizaldiarentzat,
Sortuko dan herriak Jauna goretsi dagian.
Jaunak begitu dau bere jauretxe garaitik,
begiratu dau lurrera zerutik,
atxilotuen negar zotinak entzuteko,
heriotzara galduak askatzeko.R/.

lunes, 26 de marzo de 2012

Epailaren 25a. Andra Mari martiko


Epailaren 25a. Andra Mari martiko

San Lukasen liburutik (Lk 1, 26-38)

Aldi haretan, Gabriel aingerua bialdu eban Jainkoak, Nazaret eritzon Galileako herri batera, birjina bategana; birjineak Maria eban izena eta Jose eritzon Daviden jatorriko gizon bategaz ezkontzeko berbea emonda egoan.
Aingeruak, Mariaren etxean sartu eta esan eutsan: «Poztu zaitez, graziaz bete hori! Jauna Zugaz». Ikaratu zan Maria berba hareek entzutean, eta pentsatzen jarri zan, zer izan ete eitekean halako agur ha.
Aingeruak esan eutsan: «Ez izan bildurrik, Maria; Jainkoak gogoko zaitu. Begira, sabelean sortu eta semea izango dozu, eta "Jesus" ezarriko deutsazu izena. Handia izango da; Goi-goikoaren Seme deituko deutsoe, eta Jainko Jaunak bere aita Daviden errege-aurkia emongo deutso; Jakoben herriaren errege izango da beti, eta haren erregetzak ez dau azkenik izango».
Mariak esan eutsan aingeruari: «Zelan jazo daiteke hori, ez naz-eta inongo gizonegaz bizi». Aingeruak erantzun eutsan: «Espiritu Santua jaitsiko da zugana eta Goi-goikoaren indarrak bere kerizpean hartuko zaitu; horregaitik, zugandik jaioko dana santua izango da eta Jainkoaren Seme deituko deutsoe. Hara, Elisabet zure senidea ere umedun dago bere zaharrean, eta sei hilabeteko dago agorra ei zana; Jainkoarentzat ez da-eta ezer ezinik».
Mariak, orduan: «Hona hemen Jaunaren mirabea; jazo bekit zuk dinozun lez». Eta aingeruak itzi egin eban.



Iruzkina

Jesus Umearen jaiotzarako 36 aste falta direnean ospatzen dogu Andra Mari martiko. Honaino usteetan gabiz, Abenduaren 25eko data ere aukeratua dalako, eta haren arabera egiten dalako beste aukeraketa hau ere. Horrela dinogu gure sinismenak bere urratsak emoten dauzela, eta urratsez-urrats goazela aurrera joten, hareik eta jainkoagaz aurrez-aurre aurkitu artean.
Oraingoan, gure historian sartzeko, Jainkoak baimena eskatzen dauala dirudi. Jainkoak geure arteko bat izan gura dau; ez dau "han", urrunean edo hodei artean, ezein gizakik oratu edo ikusi ezin dauan tokian, egon gura; geure artean egon gura dau, gugandik hur, eskura, geure historia bera egiten, gozatzen eta sufritzen... alperrekoa ez dala ulertu ahal izan daigun?
Jainkoa jaun eta jabe da. Bere menpean gagoz beste guztiok, gauza, abere eta gizakiok. Baina, begira: gizakia sortuazo dauanetik, antza, ez dau ha barik ezer egiten. Mariari albistaria bialtzen deutso; eta harek baietza emoten badeutso jarraituko dau aurrera, eta haren erraietan haragi hartuko dau.
Misterio horren barri emotea ez da gauza hain erreza. Lukasek laino artean lez emoten deusku horren barri. Ez dago, ba, nahi ta nahi ez onartu beharrik. Eta ez da beste barik onargarria ere. Baina, misterio horretara (Jainkoaren gizakunde misteriora) sinismenez hurreratu ezkero, bai argitu geikezela gure bizitzako alderdi asko eta asko, eta ikasi geikela gizatasunez jokatzen.
Gure handitasuna besteak menpean hartuz erakutsi nahi dogunok, Jainkoaren guganako begiramena aurkitzen dogu hemen. Txiki, makal, pobre eta baztertuekaz ezelango zer ikusirik euki gura ez dogunok, Jainkoaren guganako apaltasuna aurkitzen dogu hemen. Emakumeaganako ezelango begiramenik agertzen ez dogunok, Jainkoaren Mariaganako begiramen osoa aurkitzen dogu hemen.
Ederra litzateke misterio honetan murgiltzea, eta haren iturrietan edatea.


Sal 39,7-8a.8b-9.10 eta 17
R/. Hemen nozu, Jauna, zure nahia egin dagidan.

Opari eta eskeintzarik ez dozu nahi izan,
baina belarriak edegi deustazuz;
erre-opari eta hoben oparirik ez dozu eskatu;
orduan esan dot nik: «Hemen nozu». R/.

Liburuan nitaz hau dago idatzita:
Egin dagidala zure nahia.
Ene Jainko, gogozko jat hori,
eta bihotz-maminean dot zure legea. R/.

Iragarri dot batzar nagusian zure salbamena,
ezpanik ez dot itxi, badakizu, Jauna.
Poztu eta alaitu bediz Zugan
zure bila dabilzanak.
«Gora Jauna» esan begie beti
zure salbamena opa dabenak. R/.

sábado, 24 de marzo de 2012

Garizumako bostgarren domekea

Garizumako 5. domekea

San Joanen liburutik (Jn 12, 20-33)

Aldi haretan, jaietan Jainkoari kultu emotera igon ebenen artean, baziran greziar batzuk ere.
Honeek Galileako Betsaidako Felipegana hurreratu eta eskabide hau egin eutsoen: «Jauna, Jesus ikusi gura geunke». Andresi esatera joan zan Felipe, eta biek, Andresek eta Felipek, Jesusi esan eutsoen.
Jesusek erantzun eutsen: «Heldu da Gizonaren Semearen aintza azalduko dan ordua. Egi-egiaz dinotsuet: Gari-alea, lurrean jausi eta hilten ez bada, bera bakarrik gelditzen da; baina, hilten bada, frutu asko emoten dau. Bere bizia maite dauanak galdu egingo dau; baina mundu honetan bere bizia gutxiesten dauanak betiko bizirako gordeko dau. Nire zerbitzari izan gura dauanak, jarraitu beist eta, Ni nagoan tokian, han izango da nire zerbitzaria ere. Nire zerbitzari dana ohoratu egingo dau Aitak.
Larri dot orain neure barrua, baina zer esan? Ordu honetatik atarateko eskatuko al deutsat Aitari? Baina honetarakoxe etorria naz, hain zuzen, ordu honetarako! Aita, azaldu zeure izenaren aintza!»
Orduan, ahots bat entzun zan zerutik: «Azaldu dot, eta barriro ere azalduko dot». Han egoan jenteak, ahotsa entzunik, trumoia izan zala inoen; beste batzuek, barriz, aingeru batek berba egin eutsala.
Jesusek esan eutsen: «Ahots horrek ez dau niretzat berba egin, zeuentzat baino. Oraintxe da mundu honen epaiketa, oraintxe botako dabe kanpora mundu honetako buruzagia; eta Nik, lurretik jasoko nabenean, Neugana erakarriko ditut guztiak». Berba honeen bidez, zelako heriotzaz hilgo zan adierazo eban.


Iruzkina

Jesusek, eta bere berbeak eta bere egintzek, eztabaidea sortuazoten badabe bere ingurukoengan, eta batzuk beste barik gaitzesten badabe, eta beste batzuk entzun gura badeutsoe, oraingoan ebanjelariak zabalera joten dau, zabaldu egiten dauz ateak Jesusen inguruan, eta Jesus ezagutzeko atzerritarren gogo beroa mahairatzen deusku. Jesusen ezagupidea, ba, ebanjelariak judeguen lurralde estu eta txikitik zabalagora bialdu gura dau, haren unibertsaltasuna autortu gura dau...

Greziarrok azaltzen daben gogoari («Jauna, Jesus ikusi gura geunke») zelan erantzuten ete deutso Jesusek? Ez dau azaltzen bera nor dan. Ala bai? Bere "orduaz" jarduten dau, bere aintzaz, edo Gizonaren Semearenaz (bera dala Gizonaren Semea aditzera amonez)..., eta hori baiezteko zerutiko ahotsa jarten deusku; baina zerutiko ahots hau ("trumoi-hotsa" batzuentzat) ez da Jesusi ziurtasuna emoteko, judeguen itxikeria urratzeko baino: «Ahots horrek ez dau niretzat berba egin, zeuentzat baino».

Eta heriotzaz-bizitzaz hitz egiten dau: bizitzea norberetzat gorde ezkero, husteldu egiten da; besteen alde hil egin behar da fruturik emon gura bada, gari alearen antzera. Hau da: Jainkoagandik hartutako erregalua dan bizia, ezin da norberetzat gorde, husteldu egiten dalako; besteen alde emon behar da, eta horrela frutu ugari emoten da; ez norbere esku dagoelako hori, frutu emote hori (Jainkoaren aintza) Jainkoak berak sustatzen daualako baino. Horixe da, gainera, Jesusek bere jarraitzaileentzat, danentzat, gura dauana.

Baina egoera hori bere larritasunean bizi dau Jesusek. Zergaitik ez deutsoe entzuten? Zergaitik ez deutsoe ulertzen? Zergaitik ez deutsoe jarraitzen? Eta jarraitzen deutsoenek ere, zergaitik dabe hainbesteko bildurra, edo hainbeste ezpai, edo... Baina gauza bat bai agertzen dauala ziur Jesusek: honainoxe heldu dala, hau Jainkoaren gauzea dala, heldu dala dana beteteko ordua. Hemendik aurrera Jainkoak hitz egin behar dau, eta haren berbea aintzaltzea izango da. Agertu daitela, ba, Jainkoaren aintza.



Sal 50, 3-4. 12-13. 14-15
R/. Bihotz garbi bat, Jainko, sortu egizu nigan.

Erruki nitaz, ene Jainko, zeure maitasunaz,
hondatu nire hobena, zeure neurribako errukiz.
Garbitu nagizu zeharo neure errutik,
garbitu neure pekatutik. R/.

Ene Jainko, sortu bihotz garbia nigan,
barritu arnasa sendoa nire barruan.
Ez nagizu bota zeure aurretik,
ez kendu niri zeure arnasa santua. R/.

Poztu nagizu barriro zeure salbamenaz,
sendotu nagizu zeure arnasa oparoaz.
Erakutsiko deutsedaz gaiztoei zure bideak,
eta Zugana bihurtuko dira pekatariak. R/.

Garizumako laugarren asteko zapatua


Garizumako 4. asteko zapatua

San Joanen liburutik (Jn 7, 40-53)

Aldi haretan, jente arteko batzuek, Jesusen berbak entzutean, honan inoen: «Hauxe da egiaz etortekoa dan Profetea». Beste batzuek esaten eben: «Hauxe da Mesias». Beste batzuek, barriz: «Galileatik etorri ete daiteke Mesias? Ez al dino Liburu Santuak Mesias Daviden jatorrikoa izango dala eta haren herritik, Belemetik, etorriko dala?» Iritzi kontrajarriak egozan, bada, jentearen artean Jesusi buruz. Batzuek atxilotu egin gura eben; baina ez eutsan inork eskurik gainean jarri.
Guardiak abadeburu eta fariseuakana bihurtu ziran, eta honeek itaundu eutseen: «Zergaitik ez dozue ekarri?»
Guardiek erantzun eutseen: «Ez dau sekula inork gizon horrek lez berba egin». Fariseuek erantzun eutseen: «Zer? Zuek ere liluratu al zaitue? Sinestu ete dau Haregan agintari edo fariseuetako batek ere? Baina Legea ezagutzen ez dauan jendaila hori madarikatuta dago».
Orduan, Nikodemok, fariseu hareetako batek, behinola Jesusegana joan zanak, esan eutsen: «Zilegi al da gure Legearen arabera inor gaitzestea, berari entzun eta zer egin dauan jakin barik?» Besteek erantzun eutsoen: «Galilearra al zara zu ere? Aztertu Liburu Santuak eta ikusiko dozu Galileatik ez dala inoiz profetarik sortu». Ondoren, nor bere etxera joan zan.


Iruzkina

Gaurko perikopa honetan eztabaidagarri dan Jesus aurkitzen dogu, zatiketalari, sakabanatzaile, esango geuke: agintariak ez datoz bat, herriko jende xehea ez dator bat bere ondokoagaz ez agintariekaz; eta eztabaida ondoren —holantxe amaitzen da zati hau, agintari bakotxa «nor bere etxera joan zan».

Badirudi Jesus ezin daitekela sartu gizakien burutapenetan. Esanda eukan: «ardao barria zahagi barrietan...». Eta hareek (eta geu ere bai?) lehenego irudimen zaharretan, ohitura trinko bihurtu derenetan, bizi dira: Galileatik ez da sortu profetarik; Mesiasek Belendik etorri behar dau... Eta honengan sinisteko, horrezaz gain, nagusien baieztapena behar da: «Sinestu ete dau Haregan agintari edo fariseuetako batek ere?»

Batzuk bere berbetea, bere azalpenak, bere berbakerea dabe gogotan («Ez dau sekula inork gizon horrek lez berba egin» —dinoe goardiek), beste batzuk jatorriaz dihardue eztabaidan («Hauxe da egiaz etortekoa dan Profetea». Beste batzuek esaten eben: «Hauxe da Mesias». Beste batzuek, barriz: «Galileatik etorri ete daiteke Mesias? Ez al dino Liburu Santuak Mesias Daviden jatorrikoa izango dala eta haren herritik, Belemetik, etorriko dala?»), eta, bitartean, Jesus ziria sartzen, jendea euren usteetatik atara nahian, hareen gogoetan Jainkoa beste era batera ezagutu behar dala (Aita eta errukior eta maitale lez) sartu guran... Baina itxiegiak dagoz: hareen buruetan ez dago ezer sartzerik.

Norberetzen ez dan erlijioak burugogorkeriara eroan daike, gero! Jesus ulertzeko, eta onartzeko, oztopo bihurtzen da, gero! Ezaugarri lez jarten deusku ebanjelariak Nikodemo, Jesusengana "gauez" joan zana, Jesusi entzun egin behar jakola dinoana (entzun aurretik gaitzetsi barik); baina haren aburuak ez dau aurrerapiderik...

Jesusek, ba, aukeraketa baten aurrean jarten ditu bere herritarrak, nagusiak eta beragana hurreratzen dan edonor, eta aukeraketa baten aurrean jarten gaitu ere: geure burutapen eta irudimen trinkoan jarraituko dogu, geure ohituretan, asmamenetan eta pentsakera-jokaeretan? Baztertu egingo dogu Jesus hari entzun barik? Eztabaidan jarraituko dogu?

Hobe litzateke besterik: Jainkoak Jesusengan emoten deuskun aukerea ez galtzea, eta bere inguruan danok bat egitea, alkartzea...



Sal 7, 2-3. 9bc-10. 11-12
R/.Jauna, ene Jainko, Zeugana naiatortzu.

Jauna, ene Jainko, Zeugana naiatortzu,
onik atara nagizu arerio guztiakandik,
eta salbau nagizu.
Ez begi inork nire bizia lehoiak lez arrapatu,
askatu nagikeanik baga ez nagiala urratu.R/.

Epaitu nagizu, Jauna,
zuzen nazan ainean, errubako nazan bestean.
Atertu bedi gaiztoen gaiztakeria,
eta bizkortu egizu zintzoa,
bihotz-guntzurrunak aztertzen dozuzan Jainko zuzen Horrek.R/.

Aterpe dot Jainkoa,
bihotz zuzenekoak salbatzen dituana.
Jainkoa, epaile zuzena,
egunero amenazuka dabilana.R/.

viernes, 23 de marzo de 2012

Garizumako laugarren asteko barikua


Garizumako 4. asteko barikua

San Joanen liburutik (Jn 7, 1-2. 10. 25-30)

Aldi haretan, Jesus Galilean ebilen; ez eban Judean ibili gura, juduek hil egin gura eben-eta.
Hurrean zan Etxola-jaia, juduen jaietariko bat. Jesusen senideak jaietara joan ziranean, Jesus ere joan zan; baina ez agirian, erdi ezkutuan baino. Jerusalemdar batzuek inoen: «Ez al da hau hil gura dabena? Nasai asko dihardu, bada, berbetan, eta ez deutsoe ezer esaten. Onartu ete dabe agintariek berau dala Mesias? Baina hau badakigu nongoa dan; Mesias etorriko danean, ostera, ez dau inork jakingo nongoa dan».
Orduan, Jesusek, tenpluan irakasten ziharduala, errime esan eban: «Ni ezagutzen nozue eta badakizue nongoa nazan. Baina Ni ez naz neurez etorri, fidagarria danak bialdu naualako baino, eta zuek ez dozue Ha ezagutzen. Nik, bai, ezagutzen dot, Haregandik natorrelako eta Harek bialdutakoa nazalako».
Orduan, atxilotu egin gura izan eben; baina ezin izan eutsan inork eskurik jarri, ez zan-eta artean heldua haren ordua.


Iruzkina

Ebanjelariak perikopa honetan jarten deuskunak ze helburu ete dauka, zer lortu nahi ete dau irakurlearengan? Galilean ez daukala arazorik eta Judean bai? Abade nagusi eta idazlariek-eta gorroto eutsoela eta hil gura ebela? Mesiasi buruzko iluntasunak, ezjakinak? Jesusek bere nortasuna agertu gura dauala? Judeguen sinisgabekeria? Jesus jaun eta jabe dala bere biziaz?

Esan geike galdera guztion inguruan dabilela ebanjelio zatitxo (perikopa) hau, eta Jesusenganako judeguen gorrotoan urrats bat gehiago emotera garoazela. Eta ebanjelariak argi utziko dauana zerau da: Jesusi inork ez deutso bizia kenduko, inor ez da Jesusi hori egiteko gauza; Jesusek berak emoten dau bere bizia, Jainkoaren nahia betez; eta hori inork ezin izango dau oztopatu: hain da sendoa berak egin dauan aukerea!

Jesusen zeozer ezagutzen dogu: nondikoa dan, noren semea, nortzuk diran bere senideak... Baina oso-osorik ezagutzen dauala esan gura dau horrek? Zein da Jainkoagaz daukan loturea? Zergaitik deitu leikeo "aita" eta egin leio berba konfiantza osoaz? Zergaitik dino, edo zer esan gura dau, harengandik datorrela dinonean?

Sinismenerako aukera bat emoten jaku, ba, hemen. Sinismen barik Jesusen kanpotikoa baino ezin ezagutu daiteke; eta ezin emon leio erantzunik Jesusen berboi. Harengan Jainkoak berba egiten deuskula sinisten dogunok, ba, Jesus ezagutzeko ahaleginak egin behar izango doguz, eta orduan autortu ahal izango dogu "geure alde" emon dauala bizia.

Jauntasuna agertzen dau Jesusek. Bere helburua Jainkoari zintzoa izatea dalako da jaun; harexek jarten dau judeguengandik salbo, eta "orduaren" jaun. Ederra, ba, Jainkoaren esanetara bizi izatea: lurraldea baino, senideak baino, erlijio eratua baino, eta beste gauza guztiak baino garrantzitsuagoa; harexek emoten dau beste gauza guztien gainetik egoteko Jauntasuna. Inork suntsitu ezin izango dauan Jauntasuna.


Sal 33, 17-18. 19-20. 21 eta 23
R/. Hurrean dabe Jauna bihotz urratuak.

Gaizkileen aurka Jaunaren aurpegia,
galdu daiten lurrean hareen oroipena.
Zintzoek dei egin eutsoen eta Jaunak entzun,
estualdi guztitik atara zituan bere eskuz.R/.

Hurrean dabe Jauna bihotz urratuak,
salbatzen ditu gogo atsekabetuak.
Zintzoaren gaitzak asko dira,
baina danetatik Jaunak atara.R/.

Haren hazur guztiak ditu zaintzen,
bat bakarrik ez jako hausten.
Jaunak askatzen ditu bere morroiak,
ez dau izango zigorrik Haregana ihes doanak.R/.

jueves, 22 de marzo de 2012

Garizumako laugarren asteko eguena


Garizumako 4. asteko eguena

San Joanen liburutik (Jn 5, 31-47)

Aldi haretan, Jesusek esan eutsen juduei:
«Nik neure buruaren alde egingo baneu autormen, nire autormenak ez leuke balioko. Beste bat da nire alde autormen egiten dauana, eta jakin badakit Harek nire alde egiten dauan autormenak balio dauala. Zuek mandatariak bialdu zeuntsoezan Joani, eta harek autormen egin eutsan egiari. Ez dot esaten inongo gizakiren autormenaren beharrizanik dodalako, zuek salbau zaitezen baino. Joan Bateatzailea argi-zuri biztua eta disdiratsua zan, eta zuek, alditxo batez, poza hartu gura izan dozue haren argitan.
Baina nik badot Joanen autormena baino hoberik: Nik beteteko Aitak emon deustazan egintzak; nire egintzek egiten dabe autormen nire alde eta Aitak bialdu nauala frogatzen. Bialdu nauan Aitak berak ere egiten dau autormen nire alde. Baina zuek ez dozue inoiz haren berbarik entzun, ez haren aurpegirik ikusi, eta haren berbeak ere ez dau zuekan lekurik, Harek bialduagan ez sinesteak erakusten dauan lez. Aztertzen dozuez Liburu Santuak, betiko bizia hareetan aurkituko dozuelakoan, eta horreek dira, hain zuzen, nire alde autormen egiten dabenak; halan ere, ez dozue Nigana etorri gura, betiko bizia izateko.
Ez dot gizakiakandik aintzarik onartzen; baina ondo ezagutzen zaituet eta badakit ez dozuela Jainkoa maite. Ni neure Aitaren izenean etorria naz, baina zuek ez nozue onartu; norbait bere izenean etorriko balitz, ha bai, onartuko zeunkee. Zelan sinestu daikezue zuek, alkarregandik onartzen badozue aintza, eta Jainko bakarragandik datorren aintzak ez badeutsue ardura? Ez uste izan Aitaren aurrean Nik salatuko zaituedanik; bada norbait salatuko zaituena: Moises bera, zeuen itxaropena dozuena. Izan ere, Moisesi sinestuko bazeuntsoe, Neuri ere sinestuko zeunskide, Nitaz idatzi eban-eta harek; baina harek idatzitakoa sinesten ez badozue, zelan sinestuko dozue nik esana?»


Iruzkina

Ederra, Joanen ebanjelioak Jesusez emoten dauan autormena! Esan daiteke Jesusen buruan, edo bihotzean sartzen dala, eta haren arduren, frustrazinoen eta amesen barri emoten deuskula. Zelango tira-biran bizi dan Jesus: Aitaganako zintzotasunak bere herritarrak maitatzera, eta hareen alde bizia bera ere emotera daroa; eta bere herritarrek ez dabela ulertzen, ez dabela onarten, baztertu egiten dabela, eta hil egingo dabela ikusten dau. Bizi izan behar da egoera horretan, gero, e?

Alde batetik Aitagazko Jesusen lotura estu-estua azaltzen deusku: Jesusek ez dauka beste egintzarik Aitarenak baino. Jainkoak zer egiten dauan jakin nahi badogu, begiratu deiogun Jesusi, ikus daigun Jesusek zer egiten dauan... eta ez eben sinisten; ez dogu sinistuko... Guk beste era bateko Jainkoa irudikatzen dogu. Zelango Jainkoa da guri Lege bat emon eta berak beteten ez dauana?

Jesusek ez dau inoren autormenik behar, bere egintzek egiten dabelako autormen hori. Bere ustez!, judeguek ezin dabe-ta ulertu Jesusen egintzak, zapatu-legea haustea-eta, Beeltzeburen egintzak baino beste ezer diranik. Jesusen autormena judeguen salbamenerako da. Baina zer uste dau Jesusek bere buruaz, judeguen salbatzaile agertzeko? Eta, zelan ipini daike bere burua Joan Bateatzailearen gainetik? Nor da berau?

Sartu egin behar da Jesusen buruan, bihotzean, judeguengandik hartzen dauan mina norberak sumatzeko. Jainko-zale dira judeguak; eta Jainkoak bialdua ezin dabe onartu; baztertu egingo dabe, eta hil. Alperrekoak izango dira Jesusen azalpen guztiak, testigantza eta autormen guztiak; eurek Legea dauke, Moisesen seme-alaba dira, profeten argipean bizi dira: euren bidez gurtzen dabe Jainkoa, eta lortzen dabe salbamena.

Eta Jesusek bihozgogorrak dirala azaldu nahi izango deutse: ez dabela Jainkoa ezagutzen, ez deutsoela Moisesi jaramonik egiten, hil egiten dabezela profetak, Joan Bateatzailearen argitasuna ere unetxo baterako baino ez jakela izan, bera ere paretik kenduko dabela... Guzti hau aurpegiratzen badeutse juduei, zer beste itxaron daike hareengandik, bazterkuntzea eta heriotzea baino?

Eta guk? Geure neurriko Jainkoa eta mezulariak gura doguz, ala Jesusi entzun gura deutsogu eta Jainkoaren esanetara jarri eta gure eguneroko bizitzan harenganako zintzotasuna bilatu? Jesusek aukera sendo bat egitera eroango gaitu...



Sal 105, 19-20. 21-22. 23
R/. Gomutau zaitez gutzaz, Jauna, herri hau maite dozu-eta.

Horeben zekor bat egin eben,
urre urtuzko irudia jauretsi eben.
Euren aintza eben truke egin,
zekor bedar-jalearen irudiarekin.R/.

Ahaztu egin ziran salbau zituan Jainkoaz,
Ejipton ikusgarriak egindakoaz:
mirariak Kam-herrian,
harritzekoak Itsas-Gorrian.R/.

Galzorian eukazan,
Moises hautatua jarri ez balitz
Haren aurrean tarteko,
hasarrea aldendu egian,
hareek ez hondatzeko.R/.

martes, 20 de marzo de 2012

Garizumako laugarren asteko eguastena


Garizumako 4. asteko eguastena

San Joanen liburutik  (Jn 5, 17-30)

Aldi haretan, Jesusek esan eutsen juduei: «Nire Aitak lanean dihardu beti, eta Nik ere lanean dihardut».
Esandako honegaitik, juduak are gehiago ebilzan Jesus hil guran; zapatuko atsedena ez errespetatzeaz gainera, Jainkoa bere Aita ebala inoan-eta, bere burua Jainkoaren pareko eginez.
Jesusek esan eutsen: «Egi-egiaz dinotsuet: Semeak ez daike ezer ere bere kabuz egin, Aita egiten ikusten dauana besterik: Aitak zer egin, haxe bera egiten dau Semeak ere. Izan ere, Aitak maite dau Semea eta Berak egiten dituan guztiak erakusten deutsaz, eta honeek baino egintza handiagoak ere erakutsiko deutsaz, harritu egingo zaitueenak. Aitak hilak biztu eta bizia emoten deutsen lez, Semeak bere bizia emoten deutse gura dabenei.
Aitak ez dau inor epaitzen epaitzeko ahalmen guztia Semearen esku itzi dau-eta, guztiek, Aita ohoratzen daben lez, Semea ere ohoratu dagien; Semea ohoratzen ez dauanak, Ha bialdu dauan Aita ere ez dau ohoratzen. Bene-benetan dinotsuet: nire berbea entzun eta bialdu nauanagan sinesten dauanak, betiko bizia dau; ez da kondenatua izango, dagoaneko heriotzatik bizira igaroa da-eta.
Egi-egiaz dinotsuet: Badator ordua —hobeto esan, heldua da—, hildakoek Jainkoaren Semearen ahotsa entzungo dabena, eta entzuten dabenak bizi egingo dira. Aitak bizia bere barruan dauan lez, Semeari ere bizia bere barruan izatea emon deutso. Gainera, epaitzeko ahalmena emon deutso, Gizonaren Semea dalako. Ez harritu esaten deutsuedanaz; badator-eta ordua, hildako guztiek haren ahotsa entzungo dabena, eta hilobietatik urtengo dabena: on egin ebenak betiko bizirako biztuko dira; gaitz egin ebenak, ostera, kondenatuak izateko.
Nik ez daiket neurez ezer egin: Aitari entzun lez epaitzen dot, eta nire epaia zuzena da, ez dot-eta helburu neure guraria egitea, bialdu ninduanarena baino».


Iruzkina

Sartu gaitezan Joanek bere ebanjelioan garatuko dauzan gai nagusietan: nor da Jesus?, zer da benetako bizia?, zeintzuk dira Jainkoaren egintzak?, ilunpetan ala argitan bizi izan nahi dozu?, zein da Legearen balioa?, zer da zapatuko atsedena? Eta zein da Jesusen ordua?, e.a. Eta badirudi hementxe aurkitzen dauzela Jesusek bere arerioak: judutarrak itsu-mustuan dagozelako egon Legearen aurrean, haren maminean eta esanguran sartzeko ahalmenik barik. Askatu daikez Jesusek lotura horretatik; baina nahiago dabe lotura horretan bizi izatea. Eta, hara!
Jainkoak sorkuntzea burutu eban sei egunean, eta zazpigarrenean "atseden hartu eban" lan horretatik; baina ez dago lo, edo ahaztuta, edo geldi... Jainkoaren lanak jarraitu egiten dau: bizitza emoten eta epaitzen. Joanek Jesusen esku jarriko ditu egintza biok, eta eten barik lan egitea, horrela Legearen gainetik jarriz eta Aitaren pareko. Zelan iruntzi leikee "judeguek" holangorik? Hori biraotzat hartuko dabe, eta heriotzarako errudun egingo.
Jesus ezin daiteke ulertu, ba, sinismenetik ez bada; harengan sinisteko beragana hurreratu behar da, entzun egin behar jako, eta haren egintzak norberaren egintza bihurtu behar dira. Orduan Jainkoaren "antza" hartzen da; haren seme-alaba itxurea hartzen da; eta, egintzetan, haren agintzak agertzen dira: eten barik on egiten da.
Bere "sinismena" eratuta daukanak ezin izango dauz entzun, eta gitxiago ulertu, Jesusen berbok. Beste siniskera guztiak ilunpetakoak izango dira-ta, heriotzarakoak izango dira-ta, hizki hutsetik harutzago ez doan Legea izango dira-ta... Non gelditzen da Jainkoari ohore emotea, haren esana betetea, haren seme-alaba lez bizi izatea? Jesusek bere burua eskeintzen deusku, bere jarraitzaile izan gaitezan; eta berak, Aitaren egintzak egiten dauzan lez, egingo dauz bere jarraitzaileak ere, eta bizi izango da Legearen loturetatik aske, eta argitan. Bizia izango dau Jesusengan!



Sal 144, 8-9. 13cd-14. 17-18
R/. Samurra da Jauna eta errukiorra.

Samurra da Jauna eta errukiorra,
hasarre-gaitza eta guztiz onbera.
Ona da Jauna guztientzat,
errukior, Berak egin dituenentzat. R/.

Leiala da Jauna hitz guztietan,
zintzoa bere lan guztietan.
Jaunak jausi-zorian dagozan guztiak
ditu sendotzen,
eta makurtuak zutitzen. R/.

Zuzena da Jauna bere bide guztietan,
zintzoa bere lan guztietan.
Bertan dago Jauna deitzen deutsoenakandik,
zintzoro deitzen deutsoen guztiakandik. R/.

Garizumako laugarren asteko martitzena


Garizumako 4. asteko martitzena

San Joanen liburutik (Jn 5, 1-3a. 5-16)

Aldi haretan, juduen jai bat ospatzen zan, eta Jesusek Jerusalemera igon eban. Bada Jerusalemen, Ardien Atea dalakoaren ondoan, hebreeraz Betzata deritzon uraska bat, bost aterpe dituana. Aterpeetan gaixo asko egoten zan, lurrean etzunda: itsu, herren eta elbarri.
Bazan han hogeita hamazortzi urtez gaixorik egoan gizon bat. Jesusek, han etzunda ikusi eta aspalditik egoera haretan egoala jakinik, esan eutsan: «Gura al dozu osatu?» Gaixoak erantzun eutsan: «Jauna, ez dot inor ura mugitzean uraskara sartuko nauanik; ni heltzerakoan, besteren batek aurrea hartzen deust». Jesusek esan eutsan: «Jagi, hartu ohatilea eta ibili». Une berean osaturik gelditu zan gizona ohatilea hartu eta ibilten hasi zan.
Zapatua zan egun ha, atseden-eguna. Horregaitik, juduek esan eutsoen osatuari: «Zapatua da, eta ez dozu zilegi ohatilea eroatea». Harek erantzun eutsen: «Osatu nauanak berak esan deust: "Hartu ohatilea eta ibili"». Orduan, itaundu eutsoen: «Nor da ohatilea hartu eta ibilteko esan deutsuna?» Osatuak, ostera, ez ekian nor zan, Jesus ezkutau egin zan-eta inguruko jentearen artean.
Gero, Jesusek tenpluan aurkitu eban eta esan eutsan: «Begiratu, osaturik zagoz. Ez egin pekaturik barriro, okerragorik jazo ez dakizun». Joan zan gizon ha, eta juduei jakinarazo eutsen Jesus zala osatu ebana. Horregaitik, hain zuzen, erasoten eutsoen juduek Jesusi: zapatuz halako gauzak egiten zitualako.


Iruzkina

Hemendik aurrera Jesus Jerusalengo Jauretxe inguruetan ikusiko dogu, eta Jauretxeko nagusiekaz eztabaidan, burrukan eta "lagunak egiten"; eta baita "ezaugarriak" egiten ere (osakuntzak, gehienbat).

Bururatu leikigun galdera bat hauxe litzateke: zergaitik egiten ete dauz Jesusek osakuntzok (Joanentzat "ezaugarriak") zapatuz? Jauretxeko agintarientzat osakuntzak egitea lan egitea da, eta zapatuz debekatuta dago lanik egitea. Jesusek Legea bere betera daroala esaten dau, baina, hareen ustez, ez dau aintzat hartzen zapatua, osakuntzak-eta egiten dauzelako... Zertan geratzen gara?

Beste alde batetik, Joanek bere ebanjelioan zera dinosku, Jesusen ahotan jarriz berba hau, «nire Aitak ez dau atsedenik hartzen». Hau erakustearren egiten ete dauz, ba, Jesusek "ezaugarriok"?

Gaurkoan, « hogeita hamazortzi urtez gaixorik egoan gizon bat» osatzen dau. Lehenengo galdetu egiten deutso, eta, bere erantzunetik, nahi dauala osatu hartzen dau. Eta, osatuaz bat, arazoetan sartzen da elbarria zana, zapatuz zilegi ez dana egiten dauala gogoratzen deutsoe-ta agintariek: «Zapatua da, eta ez dozu zilegi ohatilea eroatea». Baina Jesusen (osatu dauanaren) agindua dau ohatilea eroatea... Nori egin jaramon?
Beste gauza bat ere hartu geike gure hausnarketarako. Guztiz doakoa izan da osakuntza; elbarriak ez daki nork osatu dauan, eta ezin deutse juduei datu hori emon; baina Jesusek jauretxean aurkituko dau osatua eta gogotan hartzeko berbak dinotsoz: «Begiratu, osaturik zagoz. Ez egin pekaturik barriro, okerragorik jazo ez dakizun».

Badago, horraitino, Jesusentzat, gorputzeko gaisotasuna baino gauza txarragorik. Baina ez dakit Jainkoari hainbeste bider gorputzeko osasuna eskatzen deutsogunok hau gogotan izaten dogun, meza askotako otoitzetan "gorputz eta arimako osasuna" eskatzen dan arren.
Egunotan, ba, lilturgiak Jesusen eztabaidak emongo deuskuz; euretan murgilduz hobeto ezagutu ahal izango dogu Jesus, eta hobeto ezagutuz, gehiago maitatu ere...


Sal 45, 2-3. 5-6. 8-9
R/. Gudari taldeen Jauna gugaz, Jakoben Jainkoa gaztelu sendo gugaz.

Jainkoa dogu gordeleku eta indar,
Bera izan jaku estualdian laguntzaile azkar.
Horregaitik ez gara bildurtuko lurra bada dardaratzen,
nahiz mendiak itsas erdira jausten.R/.

Ibai-besoak alaitzen dabe Jainko-uria,
Goi-goikoaren bizileku guztiz santua.
Jainkoa dauko erdian, ez da lokatuko,
egunsentiagaz Jainkoak deutso lagunduko.R/.

Gudari-taldeen Jauna gugaz,
Jakoben Jainkoa gaztelu sendo gugaz.
Etorri eta ikusi Jaunak eginak,
lurrean egin dituan harrigarriak.R/.

sábado, 17 de marzo de 2012

Jose santua


 Jose santua, Mariaren senarra, Jesusen aita-ordea


San Mateoren liburutik (Mt 1, 16. 18-21. 24ª)

Jakobek Jose sortu eban, Mariaren senarra, eta Mariagandik jaio zan Jesus, Kristo deritzona.
Jesu Kristoren sortzea honan jazo zan: Maria, Jesusen ama, Josegaz ezkontzeko berbea emonda egoan eta, alkarregaz bizi izan baino lehen, umedun geratu zan Espiritu Santuaren egitez. Josek, Mariaren senarrak, gizon zintzoa zalako ez eban bere emaztea salatu gura eta isilean iztea erabagi eban.
Baina asmo hori gogoan erabilela, Jaunaren aingerua azaldu jakon amesetan eta esan eutsan: «Jose, Daviden ondorengo hori, ez izan bildurrik Maria, zeure emaztea, etxean hartzeko, honegan sortua Espiritu Santuagandik dator-eta. Semea izango dau, eta zuk "Jesus" ezarriko deutsazu izena, Berak salbatuko dau-eta bere herria pekatuetatik».
Josek, lotatik esnatu zanean, Jaunaren aingeruak agindu eutsan lez egin eban, eta bere etxean hartu eban emaztea.


 
Iruzkina

Zelango aldea dagoan ebanjelioari "estanpetatik" begiratzetik eta bere barruan buru-belarri sartuz hango esangureaz jabetzera. Handia, benetan. "Estanpetako" ikuspegietan Jose "heriotza on baterako" zaindaria izango dogu, oneraspen mailan geratuko da. Ebanjleioan buru-belarri sartzeak arazoak (ala argitasunak?) ekarriko dauz.
Badago arazo horreen artean Jesus senar bako emakumeagandik jaio dala esango dauanik, eta hau dala-ta bere inguruan "alboratua" izan dala, eta ihes egin behar izan dauala, eta Bateatzailearen inguruan "argitu jakola zerua".
Baina, Jesusen bizitzako lehen egun eta urteetaz gauza handirik jakingo ez badogu ere, hortxe jarten deuskue Mateok eta Lukasek Joseren irudia, Mariagaz ezkontzeko berbea emonda egoana, Jesusen aitatasuna bere gain hartuko dauana. 
Mateok «gizon zintzo» lez aurkezten deusku, Jainkoaren esanetara dagoan gizon lez, haren nahia beteten ahalegintzen dan gizon lez, Jesusen aitatasuna bere gain hartzen dauan gizon lez, Jesusi Dabiden jatorria emongo deutson gizon lez: berak emongo deutso "izena" Mariaren semeari.
Zenbat ikasi geiken Joseren irudi honetatik! Ez gaitezan oneraspen hutsean gelditu, estanpetako irudiagaz. Sartu gaitezan buru-belarri ebanjelioetan, ulertzera heltzen ez garan gauzek kinkan jarriko bagaitue ere; eta, uste on osoa Jainkoagan jarrita, egin gaitezan bere entzule, bere nahiaren bilatzaile eta betetzaile, eta halango esker onez bizi izan gaitezan.



Sal 88, 2-3. 4-5. 27 eta 29
R/. Jauna, zure maitasuna abestuko dot betiren beti.

Jauna, zure maitasuna abestuko dot betiren beti,
zure leialtasuna adierazoko gizaldiz gizaldi.
Esan dozu-eta: Maitasuna betiko dot eregi,
zure leialtasuna zeruan dozu sendo jarri. R/.

Egin dot nire hautatuagaz ituna,
David nire morroiari zin egin neutsona:
Betiko sendotuko dot zure hazia,
menderen mende eregiko zure aurkia. R/.

Berak deituko nau: Zu zaitut Aita,
ene Jainko, nire salbamenaren Harkaitza.
Gordeko deutsat beti nire maitasuna,
zintzo izango egin neutson ituna. R/.

Garizumako laugarren domekea


Garizumako 4. domekea

San Joanen liburutik (Jn 3, 14-21)

Aldi haretan, Jesusek esan eutsan Nikodemori:
«Moisesek basamortuan brontzezko sugea jaso eban lez, halan izan behar dau jasoa Gizonaren Semeak, Haregan sinesten daben guztiek betiko bizia izan dagien.
Izan ere, hain maite izan eban Jainkoak mundua, bere Seme bakarra emon eutsan, Haregan sinesten dauanik inor galdu ez daiten, betiko bizia izan dagian baino.
Jainkoak ez eban-eta bere Semea mundura bialdu, mundua kondenatzera, haren bitartez mundua salbatzera baino. Haregan sinesten dauana ez dago kondenatua; sinesten ez dauana, barriz, kondenatua dago jadanik, Jainkoaren Seme bakarraren izenean sinestu ez daualako. Hauxe da kondenazinoaren arrazoia: argia mundura etorria dala, eta gizakiek ilunpea gurago izan dabela argia baino, hareen egiteak gaiztoak ziralako. Izan ere, txarto egiten dauanak gorrotoa deutso argiari, eta ez dator argitara, bere egiteak agirian gelditu ez daitezan. Egiaren arabera diharduana, barriz, argitara dator, haren egiteak Jainkoak gura lez eginak dirala agertu daiten».


Iruzkina

Egiptoko joputzatik urteten dauan aldra harek ez daukaz gauzak errez; ez eta gitxiagorik ere. Egiptoarren erasotik onik urten baeben, eremuko laztasunen aurka egin behar izango dabe, eta hori nahikoa ez-eta, alderdi hareetako herrialdeak ere kontuan hartu behar izango ditu euren menpe ez jausteko. Eta hemen sarritan huts egingo dabe israeldarrek: herritarron ohituretan eta siniskerietan-eta jausiko dira-ta. Euretariko bat zan sugea ernaltze ugaritsuaren ezaugarri hartzea, eta halaxe gurtzea, gurtza hori euren Jaunari baino emon behar ez eutsoenean. Horregaitik Moisesen ausardia, sugearen gurtza horretatik bere herria atarateko: tantai baten zintzilikatu sugea haren bildurretik urteteko.

Irudi hauxe erabiliko dau Joan ebanjelariak deigarri: Jesusek ere, suge haren antzera jasoa izan behar dau, hari begiratzen deutsonak bizia izan daian. Gora jasoa izatea, ba, Joanen ebanjelioan aintzaltzea izango da: danen begietan haragi txikituz hilten dana ez da porrotean hilten, aintzatan goraldua baino.

Antxina Moisesengana jo eban sugearen izurritea jasaten eban herriak; Nikodemok Jesusengana joten dau, bere ilunpeetatik urteteko. Norengana joten dogu guk gure ezinetan, ilunpeetan, atsekabean... Jainkoak baztertu eta gaitzetsi egingo gaitula uste dogu, pekatari garalako? Ba, entzun daigun bere mezua: «Jainkoak ez eban-eta bere Semea mundura bialdu, mundua kondenatzera, haren bitartez mundua salbatzera baino».

Hau ulertzeko/onartzeko zenbat aldatu behar dauan oraindino gure buruak! Jainko zigortzaile bat ikasi dogu, daukagu buruan sartuta, komeni jaku gure egintzetarako..., baina ez da hori Jesusek iragarten deuskuna: Jainkoak bere betera daroa sorkuntza osoa, bere zorionera; eta hantxe gagoz geu ere. Begiratu deiogun kurutzeratuari; bere arnasa emotean somau daigun Jainkoak zenbat maite gaitun, geuri emoten deusku-ta bere bizia; eta urten daigun ilunpeetatik, eta ilunpetako egintzetatik, argitan bizi izateko eta besteentzako ere argitasun izateko.


Sal 136, 1-2. 3. 4-5. 6
R/. Itsatsi bekit mihina aho-sabaian, zutaz oroitzen ez banaz.

Babiloniako ibai-ertzetan jesarrita gengozan negarrez,
Sionen oroipenez.
Ur ondoko sahatsetan
Itzita geunkazan zitarak zintzilik. R/.

Han, erbesteratu ginduezanak kantu eske geunkazan,
gure zapaltzaileak kanta alaien eskean:
«Kanta guretzat Siongo kantak». R/.

Zelan kantau Jaunaren kantarik
atzerriko lurraldean?
Jerusalem, zutaz ahaztu banendi,
gelditu bekit eskua elbarri. R/.

Itsatsi bekit mihina aho-sabaian,
zutaz oroitzen ez banaz,
niretzat pozbiderik bikainena
Jerusalem ez bada. R/.