viernes, 16 de marzo de 2012

Garizumako hirugarren asteko barikua


Garizumako 3. asteko barikua


San Markosen liburutik (Mk 12, 28b-34)

Aldi haretan, hurreratu zan Jesusegana lege-maisu bat eta itaundu eutsan: «Zein da agindu guztietan nagusiena?»
Jesusek erantzun: «Hau da nagusiena: "Entzun, Israel: Jauna, gure Jainkoa, Jaun bakarra da. Maitatu egizu Jauna, zeure Jainkoa, bihotz-bihotzez, gogo osoz, adimen guztiz eta indar guztiz". Bigarrena, barriz, hau da: "Maitatu lagun hurkoa, zeure burua lez". Ez da honeek baino agindu handiagorik».
Lege-maisuak esan eutsan: «Ederto, Maisu; egia dinozu Jainkoa bakarra dala eta ez dala besterik esatean, eta Ha bihotz-bihotzez, adimen guztiz eta indar guztiz maitatzea, eta lagun hurkoa nork bere burua lez maitatzea, erre-opari eta sakrifizio guztiak baino hobea dala esatean».
Eta Jesusek, zuhur erantzun ebala ikusirik, esan eutsan: «Ez zagoz urrun Jainkoaren erreinutik».
Eta handik aurrera, ez zan inor itaunik egitera ausartzen.


Iruzkina
Jakintsuek galdetu egiten dabe, zalantzak-eta daukezelako, edo gehiago ikasi gura dabelako, edo jakintsutzat daukezenak euren usteko diran bilatzen dabelako, ala beste uste bateko... Azken honeetarikoa ez ete zan Jesusi galdezka hurreratzen jakon Lege-maisua? Alkartasuneko Legea halan edo holan ulertu behar dan, nork aztertu behar dauan, edo noren eritzia dan aintzat hartu beharreko eta antzerako gauzen artean eztabaidak sortzetik, ez ete dogu Lege horretan buru-belarri sartzera heldu behar?
Hartu daigun gogoan Jesusen erantzuna: «Entzun, Israel...» Lehenengo ta behin, beste batena dala ekimena autortzera heldu; ez naz neu "danaren neurri", ez dot neuk ezerez dana handi edo garrantzitsu bihurtzen, edo berez handia dana ezerez; badagoz euren garrantzia dauken gauzak (inork eusten deutselako, inoren esku dagozelako...). Noren esku ete nago ni? Zerk emoten deutso garrantzia nire bizitzeari, ni naizenari? Nori entzun behar deutso Israelek?
«Jauna zure Jaungoikoa bakarra da». Israelek argi ez badauka Jaungoikoak atara dauala Egiptoko joputzatik, eta berak eroan dauala Agindu-lurrera, eta beragaz dauala loturik Alkartasuna bitarteko..., galduta ibiliko da aginduen artean, sasi-jainkoen artean, eta behar ez dauan ibilbidean. Bardin gertatzen jaku geuri ere gaur egun: Jesusenganako aukera sendo bat egin ez badogu, Jesusi lepo emoten badeutsogu, nora-ezean galtzen gara eta eztabaidetan sutzen.
Jesusek argi dauka: berak Aitari entzuten deutso, haren maitasuna barru-barruan somatzen dau; aukera trinkoa dauka egina... eta horrek bigarren agindu batera daroa: «Maitatu lagun hurkoa, zeure burua lez». Egiten dauan aurkezpen honi Lege-maisuak zentzunez erantzuten deutsolako, Jesusen goralpena eta eupadea hartzen dau harek: «Ez zagoz urrun Jainkoaren erreinutik». Geuretzat ere izan ete daiteke goralpen hori?


Sal 80, 6c-8a. 8bc-9. 10-11ab. 14 eta 17
R/. Neu nozu Jauna, zure Jainkoa: entzun nire berbea.

Berbakera ez-ezaguna entzun neban:
“Kendu deutsat bizkarretik kargea,
haren eskuak itzi dabe otsara-lana.
Larrialdian ohiu egin deustazu eta askatu zaitut”. R/.

“Ekaitzaren barrutik erantzun deutsut,
Meribako uretan aztertu zaitut.
Entzun, ene herri, zure aurka dodan autormena,
entzungo al nozu, Israel!” R/.

“Ez bedi zugan besteren jainkorik,
ez gurtu erbesteko jainkorik.
Neu nozu Jauna, zure Jainkoa,
Ejiptotik Neuk zaitut atara”. R/.

“Ai, entzungo banindu nire herriak!
Israel balebil nire bidean!
Gari guriz neuke janarituko,
eta harkaitzeko eztiz asebeteko”. R/.

No hay comentarios: