Lehenengo asteko astelehena
San Mateoren liburutik (Mt 25, 31-46)
Aldi haretan, Jesusek esan eutsen ikasleei: «Gizonaren Semea —eta aingeru guztiak Haregaz— aintzaz beterik etortean, bere errege-aulki ospetsuan jesarriko da, eta herri guztiak haren aurrean batuko dabez. Harek batzuk besteakandik bereiziko ditu, artzainak ardiak ahuntzetatik bereizten dituan lez: ardiak bere eskumaldean ipiniko ditu, eta ahuntzak ezkerraldean.
Orduan, erregeak esango deutse bere eskumakoei: "Zatoze, nire Aitaren bedeinkatuok; hartu egizue munduaren sortzetik zuentzat prestauta dagoan erreinua. Gose nintzan eta jaten emon zeunsten; egarri, eta edaten emon; arrotz, eta etxean hartu ninduzuen; biluzik nengoan, eta jantzi egin ninduzuen; gaixorik, eta bisitatu; espetxean, eta ikustera etorri zineen".
Orduan, zintzoek erantzungo deutsoe: "Jauna, noiz ikusi zinduguzan goserik, eta emon geuntsun jaten, edota egarri, eta edaten emon? Noiz ikusi zinduguzan arrotz, eta etxean hartu, edota biluzik, eta jantzi? Noiz ikusi zinduguzan gaixorik edota espetxean, eta ikustera joan?"
Eta erregeak erantzungo deutse: "Benetan dinotsuet: nire seniderik txikien honeetako bati egin zeuntsoena neuri egin zeunsten."
Gero, esango deutse ezkerrekoei: "Alde nigandik, madarikatuok, deabruarentzat eta haren lagunentzat prestauta dagoan betiko sutara. Gose nintzan eta ez zeunsten jaten emon; egarri, eta ez zeunsten edaten emon; arrotz, eta ez ninduzuen etxean hartu; biluzik, eta ez ninduzuen jantzi; gaixorik eta espetxean nengoan, eta ez zineen ni ikustera etorri".
Hareek erantzungo deutsoe: "Jauna, noiz ikusi zinduguzan goserik edota egarri, arrotz edota biluzik, gaixorik edota espetxean, eta guk lagundu ez?"
Harek erantzungo deutse: "Benetan dinotsuet: txikien honeetako bati egin ez zeuntsoena, neuri ez zeunsten egin".
Eta honeek betiko zigorretara joango dira; zintzoak, barriz, betiko bizitzara».
Gizonaren Semea hartzen dau izen goititzat Jesusek eta eginkizun lez herrialde guztiak batzea, eta euren gain epai emotea dagokio. Eta, zein izango da gizakiaren aztertu beharreko jokabidea, epaitu beharrekoa? Ez da izango legearen aurreango zintzotasuna, edo eskeintzariak hutsik barik egin izana edo Jainkoaganako oneraspena... ondokoenganako ardurea izango da aintzat hartua: «gose nintzan, eta jaten emon zeustan...»
Izadi ederrean aurkitu daiteke Jainkoa, eta aintzaldu; baina zelan otseindu? Behartsuaren egoerea kontutan izanda baino ez. Geu garala —esan geike— behartsuagana heltzeko Jainkoak daukan erea eta bidea. Geurea da eginkizun hori. Eta horixe hartuko da kontutan epai egunean: «...espetxean egon nintzan eta ikustera etorri zintxatazan».
Egia esan, danok ez gara gauza gaisoagaz egoteko, edo baztertuagana hurreratzeko. Baina orduan bai izan behar izango geukela kontuan Caritasen lana. Aintzat hartu geike harek egiten dauana, geure lan lez hartu geike. Eta bere bitartez heldu geintekez behartsuengana, baztertuengana.
Izan daigun gogoan: Gizonaren Semearen epaia txiro eta behartsu eta baztertuaren aldekoa izango da. Ea aurkitzen nauan neu ere alderdi horretan.
Sal 18, 8-9. 10 eta 15
R/. Zure berbak, Jauna, espiritu eta bizi dira.
Jaunaren legea bikain, barrua birbizteko,
Jaunak iragarria sendo, ez-ikasiak eskolatzeko.
Jaunaren arauak zuzen, bihotzaren asegarri,
Jaunaren aginduak garbi, begien argi. R/.
Jaunaren bildurra garbi, iraungarri betiko,
Jaunaren erabagiak egiazko, guzti guztiak bidezko.
Nire ahoko hitz eta bihotzeko gogoetak
atsegingarri izan beitez zure aurrean,
Jauna, ene harkaitz eta Salbatzailea. R/.
No hay comentarios:
Publicar un comentario