San Lukasen liburutik (Lk 16, 19-31)
Aldi haretan, honan berba egin eutsen Jesusek fariseuei: «Bazan gizon aberats bat, purpura eta liho finez jantzi eta egunero jai ederrak egiten zituana. Lazaro izeneko eskale bat, barriz, aberatsaren etxe-atarian etzunda egoten zan, zauriz josita; gogotsu jango zeukean aberatsaren mahaitik jausten zana. Txakurrek eurek ere etorri eta zauriak milikatzen eutsoezan.
Honetan, hil zan eskalea, eta aingeruek Abrahamen altzora eroan eben. Hil zan aberatsa ere, eta lurperatu eben. Hilen Egoitzan oinazetan egoala, begiak jaso eta Abraham ikusi eban urrun eta Lazaro haren altzoan, eta deadarka esan eban: "Aita Abraham, erruki zakidaz! Bialdu egizu Lazaro atzamar muturra uretan busti eta niri mihina freskatzera, oinaze gorritan nago-eta sugar honetan". Baina Abrahamek erantzun eutsan: "Seme, gogoratu zaitez zuk zorion ugari izan zenduala bizitzan; Lazarok, barriz, zorigaitzak; horregaitik, orain harek atsegina aurkitu dau, eta zuk oinazeak. Gainera, gure eta zuen artean leize handia dago, eta gurata ere ezin da inor hemendik igaro, ezta hortik gugana ere".
Aberatsak barriro: "Orduan, aita Abraham, bialdu egizu, arren, Lazaro gure aitaren etxera, bost anaia baditut eta; jarri dagizala jakinaren gainean, eurak ere oinaze-leku honetara etorri ez daitezan".
Abrahamek erantzun eutsan: "Hor dabez Moises eta Profetak; entzun deieela".
Harek barriro: "Ez, aita Abraham; hildakoren bat joango balijake, bihozbarrituko litzatekez".
Baina Abrahamek erantzun eutsan: "Moisesi eta Profetei entzuten ez badeutsee, ez dabe sinestuko ezta hildako bat biztuta ere"».
Iruskina
Limosna da garizumarako aurkeztu jakun bihozbarritze ezaugarri bat, gure ondasunak, inguruko behartsuak kontuan izanik, banantzen jakitea, hareik Jainkoari eskertzeko era lez. Gaurko ebanjelioak ondasunen erabilpena dakarsku gogora: alperrik galtzeko ete dira? Bertan daukguzan behartsuak ez ikusteraino itsutu ete geinkeez? Hori ete da zoriona, behartsuei ez-ikusi egitea? Holangoei zelango errukia deutsen Jesusek: izenik ere ez deutse emoten! Ez dauke ezeren ardurarik: ok eginda bizi dira.
Ate ondoan dagoen txiroak izena dauka: Lazaro (=Jainkoak lagundu egiten dau); isila da: ez dau hitzik jasoten, ez aberatsaren, ez Jainkoaren, ez inoren aurka; txakurrak ere lagun dauz, eta bere lagun handienak, heriotzeak, eroango dau Jainkoaren altzora. Eta horra hor egoera barria!
Txiroa ez da "transparentea" Jainkoarentzat: bere altzoan hartzen dau, bere isiltasunean, eta pozez eta zorionez beteten dau. Hauxe itxaroten eban Jainkoak bere "beste" seme-alabengandik; baina ez eban hareekandik lortu. Euren ondasun alperrik galtzeak eroan dauz oinazetrara, eta hantxe dagoz egonezinean, erreguka, zarataka, bere oinetan egoen txiroaren isiltasuna irabazi nahian.
Baina orain berandu da. Oraingo jarrerak behin betikoak dira. Ez dago alde batetik bestera igarobiderik; ezinezkoa da laguntza... Eta ezaugarririk handienak ere alperrekoak dira: «Moisesi eta Profetei entzuten ez badeutsee, ez dabe sinestuko ezta hildako bat biztuta ere».
Gogoratu daiguzan, ba, Garizumarako ezaugarriak. Ez daiguzan albo batera jaurti baraua eta otoitza; honek Jainkoaren esku jarten gaitu, eta harek ondasunen gainetik, gure inguruko pobreengana heldu ahal izateko. Hortxe aurkituko dogu Jainkoa zelan zerbitu, Jesusen antzeko zelan izan...
Sal 1, 1-2. 3. 4 eta 6
R/. Bai dohatsu Jaunagan itxaropide dauan gizona!
Bai dohatsu gaiztoen asmoari jarraitzen ez dautsona,
hobendunen bidean ez dabilana,
lotsabakoen batzarrean jarten ez dana.
Ostera, Jaunaren legean atsegin dauana,
gau eta egun Haren legea hausnartzen dauana. R/.
Ur ertzean aldaturiko zuhatza lakoa izango da,
bere sasoian emoten dau frutua;
eta orririk ihartzen ez jako:
zeregin guztietan ondo joako. R/.
Ez horrela gaiztoak, ez horrela,
haizeak daroan lastoa lakoa izango dira.
Zintzoen bidezain Jauna dago,
gaiztoen bidea, barriz, hondamendirako. R/.
No hay comentarios:
Publicar un comentario