San Mateoren liburutik (Mt 23, 1-12)
Aldi haretan, Jesusek honan berba egin eutsen jentetzari eta ikasleei: «Lege-maisuak eta fariseuak Moisesen maisu-aulkian jesarrita dagoz. Egizue, beraz, eta bete hareek esandako guztia; baina ez egin egiten dabena; esan, esaten dabe-eta, baina egin ez. Zama astunak eta ezin eroanak lotzen dabez, eta besteei leporatzen; baina eurek atzamar batez ere ez dabez mugitzen. Egiten daben guztia, jenteak ikusteagaitik egiten dabe; narrutxa zabalak erabilten dabez bekokian, eta borlatxo deigarriak mantu barrenean. Afarietan lehenengo jarlekuak, eta sinagogetan aurreneko aulkiak maite dabez, plazetan jenteak agur egitea eta guztiek "maisu" deitzea. Zuetako handiena izan bedi zuen zerbitzari. Bere burua goratzen dauana beheratu egingo dau Jainkoak, eta bere burua beheratzen dauana goratu».
Zuek, ostera, ez itzi inori "maisu" deitzen, bakarra da-eta zuen maisua, eta zuek guztiok alkarren senide zaree-eta. Eta ez deitu lurrean inori "aita”, bakarra da-eta zuen Aita, zerukoa. Eta ez itzi "gidari" deitzen ere, bakarra da-eta zuen gidaria, Mesias.
Lehengo maisuak ez badira ezertarako, zerk edo nork ziurtatuko deusku oraingoak badirala ezertarako? Ez ete da hobe bai batzuei eta bai besteei jaramonik egin barik norberak nahi dauan lez jardutea? Hauxe izango da askoren urtenbidea. Baina bai?, hobe ete hau?
Jesusek burua erabiltea eskatzen deusku: konturatu gaitezela ea esaten edo agintzen dan lez bizi izaten dan. Eta ordura arteko maisuek, legelariek, ez eben eurek beteten eurek esaten edo agintzen ebena. Horrexek aginpidegabetzen ebazan. Badakigu Jesusen berbea bere bizitzan beteten dana. Kontuan hartzekoak lirateke, ba, bere burubideak.
Handi izateko bidea zerbitzari jartea da. Hauxe da Jesusentzako bidea, eta bere ikasleentzako gura dauana; zerbitzuan dago handitasuna. Eta horixe berori dinosku esperientziak ere: zein txarto aurkitzen dan bat ezelango zerbitzurik egin ezin dauanean, ezertarako ez danean...
Eskari on bat litzateke, ba, norbere buruaz baino besteetaz arduratsuago bizi izatea, eta maisu bakartzat Jesus eukitea; bere jarraian, zerbitzu-bizitza bat osotzea, eta geroa Aitaren esku iztea.
Sal 49, 8-9. 16bc-17. 21 eta 23
R/. Zuzen dabilanari deutsat Jainko salbamena erakusten.
“Ez zaitut salatuko zure opariak dirala-eta,
zure erre-opariak beti aurrean daukadaz.
Ez dot hartuko zure etxetik zekorrik,
ezta akerrik ere zure ezkortatik”. R/.
“Zetan zabilz nire aginduak aitatzen,
nire ituna ahotan hartzen?
Zentzabidea gorroto dozu,
eta nire esana atzera botaten dozu”. R/.
“Zuk hori egin, eta Ni isildu?
Zure antzeko nazala ustea al dozu?
Salaturik, dana begi aurrean agertuko deutsut.
Gores-oparia eskeintzen deustanak nau edertzen,
zuzen dabilanari deutsat
Jainko salbamena erakusten”. R/.
No hay comentarios:
Publicar un comentario