Garizumako 4. asteko barikua
San Joanen liburutik (Jn 7, 1-2. 10. 25-30)
Aldi haretan, Jesus Galilean ebilen; ez eban Judean ibili gura, juduek
hil egin gura eben-eta.
Hurrean zan Etxola-jaia, juduen jaietariko bat. Jesusen senideak
jaietara joan ziranean, Jesus ere joan zan; baina ez agirian, erdi ezkutuan
baino. Jerusalemdar batzuek inoen: «Ez al da hau hil gura dabena? Nasai asko
dihardu, bada, berbetan, eta ez deutsoe ezer esaten. Onartu ete dabe agintariek
berau dala Mesias? Baina hau badakigu nongoa dan; Mesias etorriko danean,
ostera, ez dau inork jakingo nongoa dan».
Orduan, Jesusek, tenpluan irakasten ziharduala, errime esan eban: «Ni
ezagutzen nozue eta badakizue nongoa nazan. Baina Ni ez naz neurez etorri,
fidagarria danak bialdu naualako baino, eta zuek ez dozue Ha ezagutzen. Nik,
bai, ezagutzen dot, Haregandik natorrelako eta Harek bialdutakoa nazalako».
Orduan, atxilotu egin gura izan eben; baina ezin izan eutsan inork
eskurik jarri, ez zan-eta artean heldua haren ordua.
Iruzkina
Ebanjelariak
perikopa honetan jarten deuskunak ze helburu ete dauka, zer lortu nahi ete dau
irakurlearengan? Galilean ez daukala arazorik eta Judean bai? Abade nagusi eta
idazlariek-eta gorroto eutsoela eta hil gura ebela? Mesiasi buruzko
iluntasunak, ezjakinak? Jesusek bere nortasuna agertu gura dauala? Judeguen
sinisgabekeria? Jesus jaun eta jabe dala bere biziaz?
Esan geike galdera
guztion inguruan dabilela ebanjelio zatitxo (perikopa) hau, eta Jesusenganako
judeguen gorrotoan urrats bat gehiago emotera garoazela. Eta ebanjelariak argi
utziko dauana zerau da: Jesusi inork ez deutso bizia kenduko, inor ez da Jesusi
hori egiteko gauza; Jesusek berak emoten dau bere bizia, Jainkoaren nahia
betez; eta hori inork ezin izango dau oztopatu: hain da sendoa berak egin dauan
aukerea!
Jesusen zeozer
ezagutzen dogu: nondikoa dan, noren semea, nortzuk diran bere senideak... Baina
oso-osorik ezagutzen dauala esan gura dau horrek? Zein da Jainkoagaz daukan
loturea? Zergaitik deitu leikeo "aita" eta egin leio berba konfiantza
osoaz? Zergaitik dino, edo zer esan gura dau, harengandik datorrela dinonean?
Sinismenerako
aukera bat emoten jaku, ba, hemen. Sinismen barik Jesusen kanpotikoa baino ezin
ezagutu daiteke; eta ezin emon leio erantzunik Jesusen berboi. Harengan
Jainkoak berba egiten deuskula sinisten dogunok, ba, Jesus ezagutzeko
ahaleginak egin behar izango doguz, eta orduan autortu ahal izango dogu
"geure alde" emon dauala bizia.
Jauntasuna
agertzen dau Jesusek. Bere helburua Jainkoari zintzoa izatea dalako da jaun;
harexek jarten dau judeguengandik salbo, eta "orduaren" jaun. Ederra,
ba, Jainkoaren esanetara bizi izatea: lurraldea baino, senideak baino, erlijio
eratua baino, eta beste gauza guztiak baino garrantzitsuagoa; harexek emoten
dau beste gauza guztien gainetik egoteko Jauntasuna. Inork suntsitu ezin izango
dauan Jauntasuna.
Sal 33, 17-18. 19-20. 21 eta 23
R/. Hurrean dabe Jauna bihotz urratuak.
Gaizkileen aurka
Jaunaren aurpegia,
galdu daiten
lurrean hareen oroipena.
Zintzoek dei egin
eutsoen eta Jaunak entzun,
estualdi guztitik
atara zituan bere eskuz.R/.
Hurrean dabe Jauna
bihotz urratuak,
salbatzen ditu
gogo atsekabetuak.
Zintzoaren gaitzak
asko dira,
baina danetatik
Jaunak atara.R/.
Haren hazur
guztiak ditu zaintzen,
bat bakarrik ez
jako hausten.
Jaunak askatzen
ditu bere morroiak,
ez dau izango
zigorrik Haregana ihes doanak.R/.
No hay comentarios:
Publicar un comentario