domingo, 4 de marzo de 2012

GARIZUMAKO 2. DOMEKEA

GARIZUMAKO 2. DOMEKEA

San Markosen liburutik (Mk 9, 2-10)

Aldi haretan, hartu zituan Jesusek Beragaz Pedro, Santiago eta Joan, eta mendi garai batera eroan zituan eurak bakarrik. Eta antzaldatu egin zan hareen aurrean. Jantziak disdiratsu bihurtu jakozan, zuri-zuri, munduan inork jarri daikezan baino zuriago. Eta Elias eta Moises agertu jakezan, Jesusegaz berbetan.
Pedrok esan eutsan Jesusi: «Maisu, bai ederto gagozala hemen! Egin dagiguzan hiru txabola: bata Zuretzat, bestea Moisesentzat eta bestea Eliasentzat». Ez ekian zer esaten eban; izan ere, zehatz bildurrak harturik egozan.
Orduan, hodei batek estaldu egin ebazan, eta ahots batek urten eban hodeitik: «Hauxe da nire Seme maitea. Entzuiozue». Eta haretan, ingurura begiratu eta Jesus bakarrik ikusi eben eurakaz, beste inor ez.
Menditik behera jaisterakoan, ikusi ebenaren barri inori ez emoteko agindu eutsen Jesusek, harik eta Gizonaren Semea hilen artetik biztu arte. Agindu hori bete eben, baina alkarri itauntzen eutsoen zer izan ete leitekean «hilen artetik bizte» hori.


Iruskina

Garizumako 2. domeka honetan "goitiko hitzak" dira nagusi. Lehenengo irakurgaian Abrahani zuzentzen jakoz; ebanjelio honetako "goitiko hitza" danera zabaltzen dan hitza dala esan daiteke... Hona, ba, egin geiken lehenengo itauna: Entzuten dodaz "goitiko hitzok"? Eta, oraindino gogorrago, ba ete dakit "entzuten"?

Jesusek bere ikasleei irakasten dihardu, eta badirudi honeik burugogorrak dirala, edo Jesusek adierazi nahi deutsena ez dala hain ulergarria. Gogoratu behar dogu bai, esanda eukala Jesusek "ardao barria zahagi barrietan" eta "bihozbarritu zaiteze"... baina, honetarako ete da? Hau da: Jesusi bere berbak ulertzeko, eta bere jarraian joateko ete da?

Oraingoan (ere) Pedro da hitz egiten dauana, eta «Ez ekian zer esaten eban; izan ere, zehatz bildurrak harturik egozan» —jaurtitzen dau ebanjelariak.
Eta zenbat halako gure bizitzan zehar: halan balitz lez, zer esaten dogun ondo ere ondo dakigula-ta, inoiz geurea zalantzan jarri barik, eta gero konturatu (konturatzen bagara) ez gekiala zer esaten gendun!

Jesusek mendira "igoten" dau; han hurragotikoak dira Aitagazko hartu-emonak. Une garrantzitsua da: egingo dauanaren autorle bik inguratzen dabe; eta ez dira edonor: Moises eta Elias... baina hareen autorpenaren gainetikoa ere jasoten dau: goitiko hitza; eta bere Aitarena balitz lez egiten dau oihartzun. Bere-beretzat hartzen dauala Aitak Semea dirudi. Hemendik aurrera Legea eta Profetatza honexengan laburbatuko dira...

Non sartzen ete gaitu "teofania" honek? Zer ete dauka Jainkoak guretzako? Txundituta izten gaitu Jesus horrek... Baina heriotzatik igaro beharra dauka. Hementxe hartzen dau Jesusek heriotzeari aurpegi emoteko indarra; Aita, beste inor ez, zerbitzeko erabagia.


Sal 115, 10 eta 15. 16-17. 18-19
R/. Salbamen-kopea dot jasoko eta Jaunaren izenari dei egingo.


Sendo nengoen fedean,
«Ni bai zoritxarreko» esatean ere.
Mingarri jako Jaunari
bere fededunen heriotzea. R/.

Bai, zure zerbitzari naz, Jauna,
zure zerbitzari ezereza:
Gorespen-oparia deutsut eskeiniko,
eta Jaunaren izenari dei egingo. R/.

Beteko deutsadaz Jaunari promesak,
herri guztiaren aurrean,
Jaunaren etxeko atarian,
Jerusalem, zure erdian. R/.

No hay comentarios: