domingo, 1 de abril de 2012

Astelehen santu


Astelehen santu

San Joanen liburutik (Jn 12, 1-11)

Pazkoa baino sei egun lehenago, Jesus Betaniara joan zan; han bizi zan Lazaro, Jesusek hilen artetik biztu ebana. Afaria eskeini eutsoen; Martak ziharduan afaria zerbitzen, eta Lazaro Jesusegaz mahaian egozanetariko bat zan. Mariak, nardo jatorrezko kilo erdi bat ukendu usain gozoduna, balio handikoa, harturik, oinak igurtzi eutsazan Jesusi, eta bere ule-adatsez sikatu. Etxea lurrin-usainez bete zan.
Judas Iskariotek, salduko eban ikasleak, esan eban: «Zergaitik ez da saldu ukendu hori hirurehun denariotan, eta dirua behartsuei emon?» (Hori esan eban, ez behartsuak ardura jakozalako, lapurra zalako baino, eta, diru-poltsea berak ebanez, hara botaten ebenetik ostu egiten ebalako.)
Jesusek esan eutsan: «Itziozu bakean; nire hilobiratze-egunerako egin dau hori. Izan ere, behartsuak beti dozuez zeuen artean; baina Ni ez nozue betiko izango».
Juduetariko askok jakin eben Jesus Betanian egoala, eta bertara joan ziran, Jesusegaitik ez ezik, baita hilen artetik biztu eban Lazaro ikusteagaitik ere. Abadeburuek, orduan, Lazaro ere hiltea erabagi eben, ha zala-eta herritar askok eurakandik alde egin eta Jesusegan sinesten eben-eta.


Iruzkina

Pazkoaren bezperetan jarten gaitu ebanjelariak, Joanek, sei egun aurretik, eta afari baten. Jesus Betaniako bere lagunekaz alkartzen da, Azken Afariaren aurre-afaria dala esan daiteke, eta aparteko ezaugarri batzuez jantziko dau afari hori.

Hantxe dagola Lazaro, dinosku: «Jesusek hilen artetik biztu ebana». Alkarrren ondoan jarten deuskuz bizitza eta heriotza, Jesusen heriotza eguna hur balego lez. Eta emakumeak aitatzen dira (Marta, mahai zerbitzari), eta Maria, aparteko zeinu bat eginez, erdi-erdiko dogu afari horretan.

Mariaren zeinu hau, Jesusen lagunetariko baten (salduko eban Judasen) aurrez-aurre jarrita dago. Mariak egiten dauan zeinua neurri guztien gainetik dagoen egintza da; maitasunaren ezaugarri da. Halantxe maite dau Jesus, eta ez da txikikerietan ibiliko; bere oinetan isuriko dauan ukendua maitasunaren agerpen da; maitasunak ez dauka neurririk, dana emoten dau, eta horixe adierazten dau Mariak Jesusen oinetan, usain gozo harek etxe guztia hartzen eta beteten dauala.

Besterik agertzen dau Jesusen lagunetariko batek. Honen zeinuak (berbeak) bere zekenkeria agertzen dau, eta zekenkeriaz ihartutako bihotza, maitatzeko gauza ez dan bihotza; bizitza dirutan baino ikusten ez dauan bihotza: ukendua saltzea da bururatzen jakona, eta gero Jesus bera salduko dau.

Zein hur egon geintekezan Jesusengandik, eta zein jarrera ezbardinak atara geikezan... Maitasuna agertu geikeo, edo, interesen munduan murgilduta eta galduta bagagoz, bihotz ihartuarena agertuko dogu... Ea bere mahaian jarrita Jesus ezagutzeko eta benetan maitatzeko grazia lortzen dogun, bizitzan neurri bako egintzak aurrera eroateko gauza izan gaitezan, benetan maitatzen ikasi dogulako.


Sal 26, 1. 2. 3. 13-14
R/. Jauna dot argi eta salbamen.

Jauna dot argi eta salbamen, nork ni bildurtu?
Jauna biziaren babes, nork ni izutu? R/.

Nire haragia jateko gaiztoak jatazanean ausartzen,
nire etsai eta arerioak labanka doaz-eta jausten. R/.

Ez deust egingo bihotzak ikara,
Nire aurka gudu-txabolak jarririk ere;
nasai egongo naz ni,
nire aurka gudua sortu baledi ere. R/.

Jaunaren ontasuna ikus-ustean
nago bizien lurrean.
Itxaron Jaunagan eta adore izan,
bizkortu bekizu bihotza, eta itxaron Jaunagan. R/.

No hay comentarios: